Plax Andoain

Zu zeu izateko aukera

Aiurri 2021ko uzt. 15a, 08:03

Ondokoei beharrezkoak dituzun mugak jartzeko gai ikusten al duzu zure burua? ©Nexu!2020

HARREMANEN INSPEKZIO TEKNIKOA

Azken boladan, behar bada, emozionalki gora behera handiak bizi izan dituzu, tristura, haserrea, utzikeria, pena, indarra, ilusioa edota antsietatea edo mina edo guztien koktel bat

Harremanetan zein maila pertsonalean kontentzio eta ziurgabetasunak markatzen ari dira gure jendartearen bizitza- ibilbideak.

Noraino daukazu azken aldian zu zeu izateko aukera? Egin dezagun errepasoa ikusteko zein puntutan zabiltzan indartsu eta zein ahulgune dituzun identifikatzeko. 

Zure senari jator entzuteko aukera, zeure irizpideak jarraitzeko askatasuna eta pertsona bezala garatzeko posibilidadeak mugatuak izan badituzu, agian oharkabean txikiago sentituz joan zara. Duin sentitzen al zara alor guztietan? Familia, ikastegia, etxea, lana, lagunak, aisia, janzkera, ohiturak, sexu jokabideak eta adierazpenak... 

Zure bizitza erotikoan, sexudun zarenez gero dituzun bizipenetan eta zure sare afektiboan duin sentitu nahiko duzu eta zu zeu zintzotasunez aritu. Kontraesanak dituzula onartu beharko duzu horretarako, zaurgarria zarela ere bai. Eta noski, ondokoak maitatu eta haingandik maitatua izatea ezinbestekoa duzula onartu. Gai al zara hau guztia koherentziaz bizitzeko oraintxe? 

Lasai komunikatzen al dituzu zure desioak? Ondokoei beharrezkoak dituzun mugak jartzeko gai ikusten al duzu zeure burua? 

Nola zaintzen zara gorputza aske mugi dadin? 

Eta azken galdera bat, eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa: aske sentitzen al zara etorkizuna amesteko?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!