Kirol ikuskizun handiena, gertutik eta euskaraz

Mikel Arberas 2021ko uzt. 17a, 09:00
Ainara Arratibel Andoaingo kazetaria da. Laster doa Tokiora, Olinpiar Jokoen berriemaile berezi lanak egitera. aiurri

Ainara Arratibel andoaindarra Tokioko Olinpiar Jokoetan izango da Jakes Goikoetxea kazetariarekin batera. Kirol hitzordu esanguratsuenari buruz euskaraz informatzeko ardura edukiko du Berriako kazetariak. Lan egun gogorrak, bezain politak izango ditu aurretik.

Non hasi zinen lanean, eta nola iritsi zara orain zauden lekura?

Umetatik kazetari izatearekin amesten nuen, zehazki, kirol kazetari izatearekin. Kazetaritza ikasten hasi nintzen eta Aiurrik aukera eman zidan kirol arloan kolaborazioak egiteko. Karrerako azkeneko bi urteak, bekadun gisa aritu nintzen lanean Egunkarian eta itxieraren ostean, Berriako lan-taldean sartu ninduten. Bekaldia bukatu ostean, ordezkapenak egiten aritu nintzen. Ondoren, urteak eman nituen Berriako Uda Giro sailean, hau da, aisialdiari lotutako atalean. Gizartea atalean ere pare bat urtez lanean aritu nintzen, baina gero kirolera egin nuen jauzi. Harrezkero, lau urte daramatzat kirol sailean lanean. 

Aitortu beharra daukat edozein kirol kazetarirentzat ametsa dela Olinpiar Jokoetan lan egitea; ilusioz eta gogo biziz ekingo diot abentura horri. 

Kirol kazetari baten ametsa betetzear zaudela esan genezake?

Orain arte, gauza interesgarriei buruz berri ematea egokitu zait; esaterako, Realeko neskek Granadan irabazi zuten titulua zuzenean bizitzeko aukera eduki nuen, eta oso berezia izan zen. Egia da ere Olinpiar Jokoetara joatea ametsa dela eta edozein kirol kazetarik nahiko lukeela. 

Zer egin behar da zauden lekura iristeko?

Nire ustez, gakoa zailtasunen gainetik ilusioz lana egitea da. Asko informatzea eta eguneko albisteak jarraitzea ezinbestekoa da. Lana txukun egin behar da eta kirolariarengana iristea ezinbestekoa da.

Papereko edizioa beranduago argitaratzen denez, sare sozialen bitartez segituan informatu daitezke herritarrak; beraz, kazetariok bestelako zerbait eskaini behar diegu. Adibidez, kronika analitikoagoak edota kirolariei elkarrizketa pertsonalagoak. Kirol kazetaritzari sarritan egozten zaio kirolariaren alderdi inpertsonala soilik jorratzen duela; alabaina, kirolari horien atzean badaude istorio interesgarriak, pertsonalagoak. Hortaz, garrantzitsua iruditzen zait horra iristea. Ez hori bakarrik; iraunkorra izan behar da kazetaria, jakinda ez duela ordutegi finko bat. Gozatzen eta gustura lan egiten saiatu behar gara, ez dago besterik. 

Mundu zaila eta prekarioa da kazetaritzarena...

Bai, egia da. Alde batetik, zailtasun ugariko arlotzat dugu kazetaritza. Beste alde batetik, pribilegiatuak sentitu behar gara. Esaterako, nire kasuan, Olinpiar Jokoak euskaraz kontatzeko aukera edukiko dut. Hori kazetari gutxik esan dezakete. Kazetariok euskararen normalizazioan eta garapenean daukagun rola oso garrantzitsua da; horri guztiari balioa eman behar diogu. Gainera, zailtasun handiagoa izan ohi dugu, azken finean, erdaraz lan egiten duen kazetariak eduki zein informazio gehiago eskuratzeko aukera izango du bere hizkuntzan. Bestalde, euskal kazetariok edukiak itzuli egin behar ditugu eta kirolariek euskaraz ez dakitenean itzulpen lanean aritu behar gara.

Nola erreakzionatu zenuen Olinpiar Jokoetara joango zinela jakin zenuenean?

Pandemia aurretik jakinarazi zidaten Olinpiar Jokoetara joateko aukera edukiko nuela, eta, egia esan, sinistu ezinik ibili nintzen. Berria egunkariak urteak daramatza Olinpiar Jokoei buruz berri emateko kazetariak kanpora bidaltzen eta zu lan hori egiteko aukeratua izatea, benetan izugarria da. Egia da pandemiaz geroztik gauza ugari aldatu direla, ez dira ohiko Jokoak izango, baina bertan egotea sinestezina da. Oso pozik nago erakutsi didaten konfidantzagatik eta bultzada polita izan da maila profesionalean zein pertsonalean. 

Noiz joango zara Tokiora?

Uztailaren 18an, igandean egingo dugu alde Tokiora Jakes Goikoetxeak eta biok. Bilbotik Frankfurtera bidaiatuko dugu eta, ondoren, zuzenean Tokiora joango gara. Abuztuaren 11n itzuliko gara, beraz, 22 egunez munduaren bestaldean egonen gara.

Nola antolatuko zara Jakesekin kirolen berri emateko?

Egunero lanak banatuko ditugu. Bertako kirolariekin harremanetan egoten saiatuko gara. Ez hori bakarrik, proba nagusien gaineko informazioa helarazten ere ahaleginduko gara. Azken finean, Jokoak oso lotuta daude atletismoari, igeriketari eta gimnastikari; 100 metroko finala zuzenean kontatzen saiatuko gara, Simone Biles bezalako kirolarien jarduna azalduko dugu, edota igeriketari buruz informatzeko lanean arituko gara buru-belarri. Egia da aforoaren kontua nahiko konplexua dela, mugak ezarri dituzte eta eskariak egin behar dira, baina espero dugu toki guztietan lekua izatea. 

Nola egingo duzue lan?

Ordenagailua soinean edukiko dugu une oro eta lan banaketa egingo dugu dagokigun gunetik bertatik lan egiteko. Horrez gain, erreportajeen bitartez Tokioko kulturaren eta errealitatearen berri ematen saiatuko gara. Hala ere, hori guztia ez da horren erraza izango, egungo egoera epidemiologikoa eta dauden neurri zorrotzak medio. 

Jada, geure lehen 14 egunetako lan-plangintza bidali behar izan dugu antolakuntzara; zein egunetan eta non egongo garen azaldu behar izan dugu, eta tarteko guneetan mugikorreko GPSaren bitartez kontrolatuko gaituzte. Beraz, esan bezala, neurri oso zorrotzak ezarriko dituzte. 

Lana errazte aldera, aurreko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten kazetariekin hitz egiteko aukera eduki dut. Oso egun biziak izango dira eta lan handia egin beharko dugu, baina, era berean, oso polita izango da. Jakes eta biok goizean irtengo gara dagokigun gunera, eta bertan igaroko dugu eguna. Agian, egunen batean gune batetik bestera mugitzea egokituko zaigu ere. Horrez gain, Berriako lankideei eguneroko lanak bidali beharko dizkiegu.

Tokio ezagutzeko aukerarik edukiko duzue?

Ezingo dugu turismoa egin. Une oro kontrolpean edukiko gaituzte. Erosketak esaterako, oso denbora gutxian egin beharko ditugu mugikorreko GPS bitartez kontrolatuta egongo garelako. Garraio publikoa ere ezin izango dugu erabili; hau da, antolakuntzak Jokoetarako garraio berezia jarriko du. Garraio horrek gune batetik bestera eta hotelera mugitzeko balioko du. Modu batera esateko, Jakes eta biok burbuila olinpikoaren barruan egongo gara, ez beste inon. 

Esan duzunaren arabera, neurri zorrotzak hartzen ari dira, ezta?

Egoera epidemiologikoak baldintzatuta Olinpiar Jokoak oso bereziak izango dira, zentzu guztietan. Lan handia eskatzen duen egoera da, beraz, Berriatik, aurretiaz, lan handia egiten ari gara: Hamalau eguneko lan-plangintza bidaltzeaz gain, hegaldien joan-etorrien ordutegiak bidali dizkiegu; bi aste lehenago gorputzeko tenperatura hartzen eta APP batera igortzen hasi ginen; Tokiora joan aurretik bi PCR proba egin beharko ditugu eta lehen hiru egunetan konfinatu egin beharko gara, eta lau PCR gehiago egingo dizkigute. Esan bezala, neurri zorrotz ugari hartzen ari dira, baina era berean lasaitasuna helarazten dizute. 

Olinpiar Jokoetan zein kirol duzu gustuko?

Kirol ugari ditut gustuko, baina bestelako kirolak ikusteko aukera hobeezina dira Olinpiar Jokoak. Oro har, atletismoa edo gimnastika ez ditut gertutik jarraitzen, baina Jokoetan gustura jarraitzen ditut. Ikusmin handiena kirol horietan dagoela esango nuke eta, iruditzen zait, hitzordua aukera bikaina dela kirol berriak begiztatzeko; esaterako, badmintona edo waterpoloa. Hau da, ikusgarritasun gutxiagoko kirolez gozatzeko aukera polita izan ohi dira Olinpiar Jokoak.

Kirol berriek debuta egingo al dute Olinpiar Jokoetan?

Jokoen kudeatzaileak modernizatze prozesuan lanean ari dira. Horretarako, aurtengoan skate boarding-a, surfa, eskalada, karatea eta beisbol softbola gehitu dituzte eta hurrengo jokoetan break-dancea sartu nahi dute. Esan beharra dago, 20 kilometroko ibilkerako proba kendu egin dutela. Apustua modernizatzea dela diote, baina eztabaida ugari sortu ditu erabaki horrek.

Futbola al da egunerokotasunean jarraitzen duzun kirol nagusia?

Futbola eta eskubaloia gertutik jarraitzen ditut, dena den, oro har kirol guztiak ditut gustuko. Hala ere, beste diziplina batzuetako kirolariak ezagutzean, kirol gehiagoren gaineko interesa pizten da; nire kasuan horixe pasa da. Gauzak horrela, pilota eta arrauna gisako kirolak gertuagotik jarraitzen hasi naiz. 

Emakumezko kirolariek zer esan handia eman zuten azken Olinpiar Jokoetan. Aurtengoan ere halaxe izango al da?

Parekidetasunetik gertu egongo da aurtengoan, %49 inguru izango dira emakumezkoak eta %51 gizonezkoak. Gainera, emakumeen kirola sarritan jorratu dut Berrian eta, iruditzen zait, hauek emakumeen Olinpiar Jokoak izango direla; izan ere, azken Jokoetan Michael Phelps eta Usain Bolt izan ziren izarrak, baina, oraingoan, Simone Biles edo Alison Felix bezalako atletek har dezakete rol hori. Oso garrantzitsua da eraldaketa hori eta gutxinaka urratsak ematen ari gara, nahiz eta oraindik berdintasuna lortzetik urrun egon. Izen horiek hor egotea eta izarrez hitz egitean emakumezkoekin oroitzea oso polita eta garrantzitsua da. 

Kirolari euskaldunak ere izango dira Tokion, ezta?

Egia esan, makina bat kirolari euskaldunek hartuko dute parte. Gainera, piraguismoan, talde kirolean edota golfean podiuma eskuratzeko aukera dagoela esango nuke. Rioko emaitzak hobetzeko aukera egon daiteke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!