Bizikletaren bigarren aukera

Xabier Lasa 2021ko uzt. 21a, 09:00

Bizikleta zaharren birziklapen tailerra antolatu dute Leizaran Institutuan, 2020-2021 ikasturtean. Arrakastatsua suertatu da tailerra, eta bertan parte hartu duen ikasle bakoitzak bizikleta bat eraman du etxera, berri baten antzera.

Liher Unanue, Gorka Agirrezabala eta Josune Iñarra irakasleek gidatu dute tailerra, eta eurek eman dizkigute xehetasunak. Unanuek adierazi duenez, tailerrari ekin aurretik, Agirrezabalak eta biek bizikleten konponketaren gaineko ikastaro bana egin behar izan zuten: “Nola edo hala moldatu ginen. Egia esan, Gorka langintza horretan bolada batean lanean aritutakoa zen eta, bizikleta zalea denez, nahiko trebatua zegoen horien mekanikan; neuk, Lasarten bizikleta denda daukan lagun batekin ikastarotxoa egin nuen”.

Lehen formakuntza hori eginda, hurrena bizikleten bilketari ekin zioten irakasleek eta ikasleek elkarlanean. “Zenbait pauso eraman genituen aurrera tailerraren asmoak zeintzuk ziren azalduz: institutuaren ingurukoei eskaera egin genien, Aiurri aldizkarian iragarkia jarri genuen, eta, Andoaingo Garbigunerekin harremanetan jarri ginen. Era horretan, zakarretara botata zegoen edo botatzekoa zen bizikleta zahar mordoa pilatu ahal izan genuen Leizaran institutuko biltegian”.

Bizikleta zahar horiekin egin zuten lan prozesua kontatuz jarraitu du hizketan Liher Unanue irakasleak: “Polita izan zen lanketa guztia, hasi eta bukatu. Behin bizikletak gure esku egon, piezaz-pieza erabat desmuntatzea izan zen hurrengo ekimena. Hori eginda, normalean erabat herdoilduta zeuden kuadroak hartu, eta lixatu, inprimatu eta gainetik pintatu egin genituen. Eta azkenean, piezaz pieza berriro osatzeari ekin genion. Zenbaitetan, bizikletak hain zaharrak ziren ezen hautsita zeuzkaten piezen ordezkorik ezin genituela topatu merkatuan; horrelako kasuetan, baztertuta geneuzkan beste bizikletekin baliatu gara, despiezea egiteko”.

Josune Iñarrak ikasleen parte-hartze aktiboa azpimarratu nahi izan du, “zakarretatik erreskatatutako bizikletak erabilgarri bihurtu dituzte, eta lan horretan protagonista izateak ematen duen poza eta satisfazioa sentitzen dute; harro daude beren buruarekin. Gainera, bizikleta batekin doaz etxera, eta ziurtasun osoa daukate egunean batean bizikleta matxuratzen bazaie, eurek jakingo dutela konpontzen”.

Bederatzi bizikleta birziklatu dituzte guztira, eta horietatik bi elektrifikatu egin dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!