"Tradizio handiko bertso eskola da Hernanikoa"

Ekain Tolaretxipi hernaniarra da, eta Leizaran institutuko ikaslea. Udazkenean jokatzekoa den Euskal Herriko txapelketa prestatzen ari da, egun

Urnietan maiatzaren 28an Gipuzkoako finala irabazi eta hurrengo astelehenean zer nolako harrera egin zizuten ikastetxean? Bigarren mailara igo zen Amorebieta futbol taldeko Iñigo Orozko irakasleari eskainitakoaren antzekoa izan al zen?

Ordurako klaseak amaituta geneuzkan, azkeneko azterketa maiatzaren 8an egin genuenetik. Geroztik, behin etorri naiz ikastetxera, eta sarreran, txapela buruan nuela Urnietan atera zidaten argazkia ikusi dut.

Egia esan, ez dakit ezer berezirik egingo zidatenik klasera etortzea egokitu izan balitz txapela irabazi eta gero. Ez dut uste inor askorik enteratuko zenik, futbolak bertsolaritzak baino gehiago erakartzen baitu, eta zer esanik ez zenbateko oihartzun mediatikoa daukan. Nire kasuan, nire bizitokia den Hernanin, familiakoek, lagunek eta bertso munduan dabilen epaimahaiko batek zoriondu ninduten hurrengo egunetan. Normala hala izatea, Gipuzkoako bertsolari gazteen txapela besterik ez bainuen jantzi.

Udazkenerako iragarri dute Euskal Herriko finala. Nolako prestakuntza ari zara egiten, uda tartean egonik? Ispilu aurrean edo…

Hernaniko bertso eskolan entrenatzeko geratu gara, eta beharko dut laguntza hori, nire burua ezagutzen baitut: oporraldietatik itzuli aldiko, beti hotz samar egoten naiz berriro kantatzen hasteko.

Hernanin bertsolaritzak badauka harrobia…

2017ko Euskal Herriko txapelketan finalisten erdiak (Mendiluze, Gaztelumendi, Agirre eta Lujanbio) Hernaniko eskolatik ateratakoak ziren, eta horrek zerbait esan nahi du! Tradizio handiko eskola da. Egun, gure ikasle-taldean lauzpabost aritzen gara, eta atzetik ere badatoz gazteagoak. Ni txiki-txikitatik joan naiz hazten bertan, eta ondo dakit zenbat lantzen den bertsotarako zaletasuna. Beti eduki izan ditut irakasle onak, Oier Iurramendi, Eli Pagola, Asier Azpirotz, Beñat Mujika eta azken urteetan Andoni Mujika. Guztiek eman dizkidate arrazoiak esker oneko sentitzeko.

Zer ari zara ikasten Leizaranen?

Irailean Batxillergoko bigarren ikasturteari ekingo diot. Gero unibertsitaterako saltoa egin eta kazetaritzaren bidetik jo nahi nuke. Gogoko dut telebista eta irratia kontsumitzea, eta prentsako iritzi artikuluak irakurtzea. Bertso eskolan beti esan izan didate aktualitatea jarraitzea komeni zaiola bertsotan egin nahi duenari, errealismoa eta sakontasuna itsasten diotela bere kantugintzari, eta hala da. Pentsa, esate baterako, Santa Klara irlako eskultura edo Sanchez eta Bidenen arteko elkarrizketa gaitzat jartzen badizkizute, nola erantzungo duzu horiei buruz tutik ez badakizu?

Plazak egiten hasita al zaude, edo gaztea zara horretarako oraindik?

Publiko zabalaren aurrean oraindik ez. Hernanin antolatzen diren kultur ekitaldietan etxetik prestatuta eramandako pare bat bertso kantatzea egokitu izan zait noizean behin. Bestalde, 14 urterekin hasi nintzen eskolarteko bertsolari txapelketetan, eta normalean, bertso-afarien formatuan antolatu izan dira. Koronabirusa dela eta, aurtengo sariko saioak areto txikietan antolatu dira. Niri Oiartzunen areto txiki batean eta Urnietan Saroben kantatzea egokitu zait. Esan dezaket Urnietakoa izan dela orain arte errespetu handiena sortu didan plaza.

Gazteei komeni izaten zaie beren burua proban jartzea eta jendaurrekoa lantzea. Alde horretatik, primerakoa iruditzen zait bertsolari konsagratuak eta gazteak batzen dituen Zapla ekimena, herriz herri egiten dena.

Eta zer moduz ikusi zenuen zeure burua Urnietan, foko, argazki eta bideo kamera, epaimahai eta publiko kopuru zabalaren aurrean?

Urduri hasieran, baina banekien lehen agurra ondo ateraz gero, hortik aurrera jakingo nuela moldatzen, eta lehiaketaren tentsiotik libratzen. Eta halaxe gertatu zitzaidan. Urduritasuna edo erantzukizuna ez zaidala gehiegi nabaritzen esaten didate.

Nondik datorkizu bertsolaritzarako zaletasuna?

Familian aurrekari edo eraginak bilatzen hasita, aitortu behar dut gurasoek inoiz ez dutela kantatu edo instrumenturik jo. Hori bai, aitaren kasuan, Tolaretxipi eta Mujika familiek beti izan dute musikarako lotura berezia; ez dira gutxi musika irakasleak, biolin edo piano-joleak… familia horietan. Gure etxean, txiki-txikitatik aditu izan ditut euskal kantarien eta bertsolari zaharren grabazioak, eta aitak eta amonak maiz gogorarazten didate nola umetan aulki-gurpildunean eserita kalean ibiltzen nindutenean, nire ezpainetatik Laboaren edo Leteren kantak irteten zirela. Sei urte nituela, 2009an, amak Belodromora eraman ninduen finalerdi bat entzutera, eta hor hasi nintzen bapateko saioetako bertso batzuk buruz ikasten, azken agurrak batik bat. Memoria landu izan dut asko, eta esate baterako, Txirrita edo Lazkao Txikiren bertsoak oraintxe kantatuko nituzke mordoska erreskadan, horretara jarriz gero…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!