Andoainen etxez etxeko 25 langile ari dira lanean, eta emakumeak dira gehien-gehienak. Hona langileek zabaldu duten agiria, euren aldarrikapenak zehaztuz:
“Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuaren titularra Udala da. Zerbitzu hau pribatizatuta dago eta Eulen Servicios Sociosantitarios enpresak kudeatzen du. Bertan 25 langile inguru ari gara lanean.
Zerbitzu soziosanitarioko langileok asko sufritu dugu pandemian, gure osasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jarriz; ez gara funtsezko langiletzat hartu, ezta pandemiaren unerik gogorrenetan ere, eta ikusezin izaten jarraitzen dugu. Are gehiago, pandemiaren lehenengo hilabeteetan galdutako zerbitzu-orduak ondoren berreskuratu behar izan ditugu, edo zuzenean soldata txikiagoarekin geratu gara. Azken finean, osasun krisiarekin zerbitzuak jasan dituen murrizketak langileen kontura izan dira.
Sektore feminizatua izateak zuzeneko eragina du gure lan-baldintzetan, eta gure lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko eta duintzeko borrokan ari gara.
Aurten, hainbat bilera egin ditugu bai enpresa eta baita Udalarekin ere, eta bi aldeei urte hasieran eman genien Enpresa Hitzarmenaren plataforma. Hitzarmen kolektibo hau 2020ko abenduan amaitu zen. Enpresak uneoro jakinarazten digu ezinezkoa dela planteatzen ditugun terminoetan akordio batera iristea.
Langileok, batez beste, ez gara 900 euroko soldata kobratzera iristen eta gure borrokak balio behar du zainketa-lanek merezi duten errekonozimentua lortzeko, bizitzaren erdian egon behar baitute, eta horretarako behar diren baliabideak erabili behar dira.
Beraz, dei egiten diogu enpresari plataforman planteatutako hobekuntzak onartzeko. Gure ustez, Eulen multinazionalaren filiala den eta 2019ko abenduan 50 milioi euroko dibidendu berezia banatu zuen Eulen Servicios Sociosanitarios bezalako enpresa batek ezin hobeto onar ditzake lan-baldintzak duintzeko gure erreibindikazioak.
Eta bestetik, Udalari, bere erantzukizuna bere gain har dezan, bai zerbitzuak bai langileek baldintza duinak izan ditzaten. Uste dugu Andoaindarrek jarritako baliabideak lehentasun horietara bideratu behar direla, eta ez multinazionalen onurak gizentzen jarraitzera, lan- eta zerbitzu-baldintzak prekarizatuz.
Izan ere, zerbitzu publikoa pribatizatzeko politika horren ondorioz, alde batetik, erabiltzaileak kaltetuta ateratzen dira, beren bizitzako azken etapan ez baitute beren beharrak asetzeko dedikazio eta zerbitzu-kalitate egokirik. Beste alde batetik, langileak, erlojupeko lana eta ezarritako lan erritmo altuak direla eta ondorioak jasaten baititu bere osasunean.
Horregatik guztiagatik, mobilizazioekin hasiko gara. Uztailaren 28an, asteazkena, 18:00etan, hemen Udalaren aurrean, kontzentrazioa egingo dugu. Abuztuan ere gatazka sozializatu eta mobilizazioekin jarraituko dugu.
Eta irailaren 1erako gure baldintzak hobetzea lortzen ez badugu, egun horretatik aurrera lanuzteekin hasiko garela jakinarazten dugu”.