Covid19 | Datuak egunez egun

Andoain eremu gorrian da berriro

Aiurri 2021ko uzt. 21a, 09:31

Hilabete luzez egoera orekatua eman da, inguruko udalerriekin alderatuta. Intzidentzia nabarmen igo baita Hernanin, Urnietan, Villabonan edota Tolosan. Andoainen, aldiz, egonkor samarra izan da egoera hilabete hauetan guztietan. Azken asteetako joera orokorraren ondorioz Andoaingo egoera okertuz joan da, eremu gorrian sartzeraino.

Urtarrilaren 11tik otsailaren 9ra eremu gorrian

2021eko urtarrilaren 11n eremu gorrian sartu zen, eta egoera horretan jarraitu zuen otsailaren 9ra arte. Gogoan izan behar da, garai hartan zegoen dekretuaren arabera, eremu gorrian sartzen zirela 500eko intzidentzia-tasa metatutik gora zeuden udalerriak.

Apirilean 400dik gorako intzidentzia-tasa, baina eremu gorritik kanpo

Apirilaren bigarren hamabostaldian intzidentzia-tasa horretan egon zen, baina ez eremu gorrian sartu, lehen esandako arrazoi berberengatik.

Ekainak 15-18, lau egunez kasu positiborik gabe

Hilabete atzera, pandemia atzean uztear geundela zirudien. Lau egunez jarraian ez zen kasu positiborik izan eskualde osoan. Eta egun haietan Gipuzkoan 35-38 kasu agertzen ziren, eguneko. Duela hilabete, besterik ez. Ikusgarria izan da aldaketa, hilabeteko epean.

Ekainak 20-Uztailak 20, birusaren agerraldi berria

Data horietan hasi zen gorunzko joera. Faktoreak, dirudienez, hiru izan dira: Musukoa kentzeko derrigortasuna, ikasturte amaierako ikas-bidaiak eta bereziki birusaren delta aldaera. Hiru elementuren baturarekin birusa oldartu egin da. Gaueko etxeratze-agindua eta musukoaren derrigortasuna berrezartzea eztabaida politikoan sartu dira.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!