Mimendiko bizilagunentzat “irtenbide osagarria” aurkeztu dute

Aiurri 2021ko uzt. 22a, 10:55
Bideo aurkezpenetik ateratako irudia. Azterlana Aldundikoa da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide azpiegituretako ordezkariak udaletxean izan dira, trafikoari eta zaratei buruzko alternatibak aurkezteko. Ekitaldia internet bidez ikusi ahal izan da. Alternatiba beharrean, “irtenbide osagarria” adiera erabili dute. Oso oinarrizkoa da, eta azterketa fasean dago. Errealitate bilakatzeko bi urte beharko lirateke.

Zarataren eta trafikoaren inguruan egiten dituzten azterketak azaltzeko zehaztapen ugari eskaini dituzte bileran zehar, eta bileraren amaiera aldera Mimendiko zarata saihesteko egitasmo modukoa aurkeztu dute. “Oso oinarrizkoa eta hastapenekoa dela” adierazi dute, eta ikustear dago gaur aurkeztu dutena etorkizunean nola eta noiz gauzatzen den.

Aldaketa handiena Txistoki pasealekuaren amaieratik eta Lasarte-Oriara edo Urnietara joateko bidegurutzeraino aurrikusten da. Andoaindik Donostiara bidean, N1 errepidean doazenentzat, Mimendi parean gauzak asko alda daitezkeela dirudi. Eman dituzten azalpenen arabera, tunel modukoa sortuko litzateke eta hor azpitik sartuko lirateke ibilgailuak. Mimendiko lur gainean eremu berdea eta herri barruko errepidea sortuko litzateke. Auzotarrentzako bidea litzateke.

Bideo aurkezpenetik ateratako irudia. Azterlana Aldundikoa da.

 

Tunela 200 metro ingurukoa litzateke, eta horrek zertan eragingo lioke Mimendiko bizilagunari? Andoaindik Donostiara bidean doazen ibilgailuak lurrazpitik igarotzean soinu hori nabarmen jaitsiko litzateke. Bestalde, kontrara, Tolosara doazen ibilgailuek tunela alboan izango dute eta tunel horren paretean soinu panelak jarriko lirateke. Neurri horiekin zarata nabarmen jaitsi daiteke.

Jesus Maguregi Foru Aldundiko Bide azpiegituretako ustiapen eta plangintza unitateko arduradunak azalpenak eman ditu gaurko bileran. Zuhur agertu nahi izan du, Mimendirako bideratu den planteamenduaren inguruan: “Ondo pentsatu behar den lana da, trafiko asko baitago bertan. Posible da? Bai, baina sakon aztertu behar da. Berez, 200 metrotik gorako tunela sortzea ez da onena, ikusita gainera tuneletik irtetean gidariak berehala aukera egin behar duela Lasarte-Oria aldera edo Urnieta aldera joatea. Joan-etorrian dabiltzan 30.000 gidarientzat proposamen horrek gauza txarrak ditu. Dena baloratu behar da. Mezua da Aldundian lanean ari garrela eta gure konpromisoa lanean jarraitzea dela”.

Mikel Uribetxeberria Foru Aldundiko teknikaria, Jose Luis Verdasco Andoaingo udaleko zinegotzia eta Aintzane Oiarbide Foru Aldundiko Bide azpiegituretako diputatua izan dira gaurko ekitaldia aurkeztu eta agurtu dutenak. 

Trafikoaren eragina udalerrian

Joan-etorrian 30.000 ibilgailu igarotzen dira, Gipuzkoa mailan trafiko gehien sortzen den gunea osatuz. Bileran zehar Sorabilla parean eta udalerriko beste guneetan sortzen diren trafiko eta zarata arazoez ere jardun dute.

Bideoa Youtuben ikusgai dago:

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!