Paper fabrika urez hornitzen zuen presa eraitsi dute

Aiurri 2021eko abuztuaren 4a

Lizarkolako presaren eraisketa lanak amaitu direla iragarri du URA Uraren Euskal Agentziak. Lanak amaituta, Olagain auzoan saneamenduari eta ibai-pasealekua hobetzeko lanei ekitea aurrikusten da.

URA agentziak ohar bidez azaldu duenez, “presa XX. mendearen bigarren erdian eraiki zen ur-lamina handitzeko eta horrekin batera beharrezko ur-hartzea ahalbidetzeko, enpresak Leitzaran ibaitik eta Ubaran errekatik ura hartzeko zeukan emakidaren arabera. Enpresak 2007an utzi zion jarduerari, eta emakida iraungi egin da”.

Leitzaranen uren eta faunaren joan-etorri askea saihesten jarraitzen zuen presa horrek, eta hori dela eta eraisketai ekin zioten ekainean.

Jarduera ez da horretara mugatuko eta, URAren eta Andoaingo Udalaren arteko lankidetza-protokoloaren arabera, “Andoaingo Olagain auzoan saneamendua eta ibai-pasealekua hobetzeko proiektuarekin lotutako landareztatze-lanak egitea programatu da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!