Fitero zendu da, Gora Kaletxiki txarangako eta Udal Musika Bandako bonbardino umoretsua

Xabier Lasa 2021ko abu. 10a, 20:15

Jose Luis Fernandez Lago “Fitero” bonbardino jolea zendu da, 86 urte zituela. Umoretsua eta jendartekoa zen, eta musikari amorratua izanik, pandemia heldu arte fin-fin aritua zen Andoaingo eta inguruetako jai eta festak alaitzen, Gora Kaletxiki txarangarekin zein Udal Musika Eskolako Bandarekin batera. Andoainen frankismoak zapaldutako biktimen alde urtero antolatu ohi den omenaldi ekitaldian ere ez zuen hutsik egiten, Banda Errepublikanoko kide gisa.

Gaur arratsaldean Errekaldeko tanatorioan bere senide eta adiskideek azken agurra eskaini diote. Bertan, besteak beste, Gora Kaletxiki txarangan kide izan zituen Joxe Ramon Berrondo tronpeta joleak eta Jule Barrio perkusio joleak, Joxe Mari Oiartzabalen “Gogoan zaitugu” pieza jo dute, bere omenez.

 

Adiskideek, aurreragorako utzi dute omenaldi ekitaldia antolatzea.

 

Omendua, bi alditan

Nonahi egonik ere bere inguruan zabaltzen zuen umorea azpimarratzekoa da bere nortasuna definitzeko orduan, eta ez da gutxiagorako. Metalezko instrumentu horren ahokoa ezpainetan ez bazeukan jarrita musika jotzeko, beti eduki ohi zuen gogoa txantxetarako, talde kideekin zein kaleko entzuleekin.

Urtetan musikaren zabalpenean eskuzabala izan zela eta, esker oneko bi omenaldi eskaini zizkioten musika kideek, azken urtetan.

Lehenbizikoa, 2012ko Santa Zezilia egunaren inguruan izan zen, Udal Musika Eskolako Bandaren eskutik. Bandaren mendeurrenaren ospakizunean hain zuzen, lau kide nabarmendu zituzten: Luxio Aranburu, Jesus Mari Beristain, Juan Omeñaka eta Jose Luis Fernandez “Fitero”.

Aranburu eta Beristain zutik; Omenaka eta Fitero eserita.

 

Orduko hartan, Aiurrik erreportajea egin zuen lau musikarien biografia osatuz.

2019ko Santa Zezilia egunean eskaini zioten bigarren omenaldia Fiterori, Andoainen baita ere. Txanda hartan, Gora Kaletxiki bandak bere hiru bonbardino jole eskarmentatuei esker oneko gorazarre egin zien, Jose Luis Fernandez "Fitero", Paco Perez eta Pako Bidasorori hain zuzen.

Fitero, Perez eta Bidasoro, hiru omenduak.

 

Kontzertu hartan, Joxe Mari Oiartzabalek konposatutako bi pieza estreinatu zituzten, Alberto Agirre abesbatzarekin batera: Bonbardino hotsak (bandako hiru bonbardinoei eskainia) eta Baltzuketa (Leitzotz bailarako baserriko familiari eskainia).

Bi pieza horiek, gehi hirugarren bat, Leizaran Euskal Fantasia -Oiartzabalena baita ere-, ikusgai daude bideoz:

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!