Pako Bidasoro Gora Kaletxiki txarangako musikaria hil da

Aiurri 2021ko abu. 24a, 13:06

Pako Bidasoro Blasco Gora Kaletxiki txarangako musikari ibarrarra hil da bart gauean. Andoaingo txarangako kidea izan zen hasieratik, 2003an sortu zenean, eta bertan bonbardinoa eta tronboia, metalezko haize-instrumentuak jo ohi zituen. Festa giroko musika zainetan daraman musikari horietakoa zela erakutsi izan zuen beti; goitik behera zekien kale giroko formatu horretako errepertorioa, eta makina bat herri eta kale alaitzen aritu zen urtetan.

Samina adierazi dute Gora Kaletxiki txarangako kideek. Esan dutenez, Bidasoro diskrezioa gogoko zuen pertsona zen, baina fin-fina eta zorrotza musika interpretatzerako orduan. Gaineratu dutenez, eurentzat ohorea izan da Bidasororekin batera urtetan musika zabaldu izana, San Juanetan, Santa Krutzetan eta gainerako auzo jaietan, Santa Zezilia egunean, Kaldereroen konpartsarekin nahiz bestelako jai eta ospakizunetan. 

Iraganean, Bidasoro Tolosako Udal Musika Bandako eta Nekaezinak txarangako partaidea ere izan zen.

Bidasoro tronboia jotzen Gora Kaletxiki txarangako kideekin, 2015eko San Juanetan.

 

Musikari gisa ez ezik, nabarmendu behar da herrigintzan eta politikoan konpromisua agertu izan zuela Bidasorok. Horrela, 70 eta 80ko hamarkadetan atxilotua izan zen, torturak jasan zituelarik; ETAri lagundu izan leporatu zioten bi txandetan. Aldi berean, frankismoaz geroztikako udal demokratikoen hastapenetan, Ibarrako udalean zinegotzia izan zen bi legealdietan.

 

Gora Kaletxiki txaranga, zoritxartuta

Atsekabea gainetik kendu ezinik dabil txaranga azken aldian, gogoan hartu behar baita hirugarren kidea zendu dela: hots, Luxio Aranburu 2020ko urriaren 13an, Jose Luis Fernandez Fitero joan den abuztuaren 10ean, eta oraingoan, Bidasoro.

2019ko Santa Zezilia egunean, txarangak esker oneko omenaldia eskaini zien hiru bonbardino jole eskarmentatuei; alegia, Jose Luis Fernandez "Fitero"ri, Paco Perezi eta Pako Bidasorori.

Jose Luis Fernandez "Fitero", Pako Perez eta Pako Bidasoro, hiru omenduak, 2019an.

 

Kontzertu hartan, Joxe Mari Oiartzabalek konposatutako bi pieza estreinatu zituzten, Alberto Agirre abesbatzarekin batera: Bonbardino hotsak (bandako hiru bonbardinoei eskainia) eta Baltzuketa (Leitzotz bailarako baserriko familiari eskainia).

Bi pieza horiek, gehi hirugarren bat, Leizaran Euskal Fantasia -Oiartzabalena baita ere-, ikusgai daude bideoz:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!