Erasoa astelehenean gertatu zen, arratsaldeko 17:00ak aldera Kaleberria auzoko pisu batean. Ertzaintzak adierazi duenez, biktimaren bikoteak fisikoki erasotu zuen; gauzak horrela, segituan, Ertzaintzaren hainbat auto eta anbulantzia bertaratu ziren. Erasotzailea atxilotu eta Tolosako Epaitegira eraman zuten; biktima, berriz, artatua izan zen jasandako erasoak medio. Zurrumurruak zurrumurru, Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, emakumea ez zen labanarekin lepoan erasotua izan.
Eraso matxistaren harira, ostegunean elkarretaratzea egingo da Goikoplazan, arratsaldeko 19:00tan:
Andoaingo Asanblada Feministaren adierazpena:
Astelehen arratsaldean gure herriko emakume batek jasandako eraso matxista ikusita, Andoaingo Asanblada Feministatik berriro ere emakumeen aurkako indarkeria salatu nahi dugu. Emakumeok egunetik egunera pairatzen dugun gaitza gizarte heteropatriarkal eta matxista baten ondorioa da.
Hori guztia dela eta, ostegunean elkarretaratzea egingo dugu Goikoplazan, 19:00etan.
Ez hemen ez Inon eraso matxistarik ez.