Emakumeak Andoaingo Guduaren labirintoan

Alba Cabrera Jauregi 2021ko ira. 2a, 08:00

Hilaren 10ean irekiko ditu ateak “Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan ari dira” erakusketak. Andoaingo Gudua gogora ekartzeaz gain, emakumeak omentzea du xede Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren egitasmoak.

Garaileak eta garaituak daude gerretan; lubakiak, odola; etxera bizirik itzulitakoak, eta erdibidean eroritakoak, deserrira joandakoak. Nolanahi ere, bada gudan tiro hotsetik harago doan krudeltasunik. Hala, zirrikitu horri eutsi dio aurten Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, irailaren 10ean irekiko den “Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan ari dira” erakusketarekin: ohiturak hala eskatuta, 1837. urtera egingo dute herritarrek atzera salto, hain justu, irailaren 14ra, Lehen Karlistaldian izandako Andoaingo Gudura.

Nolanahi ere, aurten, beste formatu batean egingo diote keinu herrian hain berezia den hitzorduari. Gerraren sufrimendua ez zen soilik lubaki ertzean sentitu, zeren emakume askok egin baitzuten atsekabearen aurka borroka, lehen lerroan egon gabe: bakarrik, eta baserriaren nahiz familiaren zama bizkar gainean hartuta. Hala, isilpeko bortxak ekarritako suminari aitortza egiteko asmoz ondu dute erakusketa, Jon Unanue Bazkunako zuzendariaren esanetan: “Aditzera eman nahi genuen erregeetatik eta dominetatik harago emakumeak ere izan zirela tartean gerran; hor ere sufrimendua egon zela, sarri gizonezkoek bizi izan zutena baino latzagoa”. Bide beretik, erakundeko kideak gehitu du  erakusketa ere badela omenaldi bat, antzezlanaren atzean dagoen emakume orori, jostunetatik hasi eta irudien ilustratzailera bitarte.

Hilaren 10ean irekiko ditu ateak erakusketak, eta guduaren zein garaiko testuinguruaren erretratu orokorraren berri izateaz gain, orain arte egindako herri antzerkien errepasoa ezagutzeko tartea izango dute ikusleek, kartelen bidez. Labirinto gisa irudikatu dute proiektuaren muina jasotzen duen atala, 'Emakumeak gerraren labirintoan': hamar geldialdiko bidaia da, garai hartako emakumeek aurre egin behar izan zituzten hamar auzi lantzen dira. Jostunen lantegia ere izanen da, eta bertan, urtez urte antzerkia janzteko lanetan buru-belarri aritu diren jostunak ere egongo dira. Horrez gain, bisita gidatuetan, oholtza gainera igoko dira aktoreak, obraren pieza txiki bat taularatzeko. Bertsotarako tartea ere egongo da, “garaiko herritarrengandik dagoen lekukotzarik hurbilena”.

Osasun-krisiak hala baldintzatuta, aurten ez da herrian antzerkirik izango. Horregatik egin dute erakusketa: Andoaingo Guduari keinu bat egiteko, baina, batez ere, Unanuek dioenez, “emakumeen partaidetza azaleratzeko, bai garaiko gudan, bai hori irudikatzeko sortutako obraren antolakuntza-lanetan”.

Bisitaldi gidatuak

Irailak 10: euskaraz.

Irailak 18: euskaraz zein gaztelaniaz.

Irailak 25: euskaraz.

 

Erakusketa zabalik:

  • Astelehenetik ostiralera: 18:30-20:00.
  • Larunbatetan: 10:30-13:30 / 18:00-20:00
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!