“Ikusarazi ez zaigun horretan ipini dut nik ahalegina”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko ira. 5a, 15:48

"Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan ari dira” erakusketan, irudi bihurtu ditu Garbiñe Ubeda Goikoetxeak gerrari buruzko kontaketak, garaiko emakumeak abiapuntu.

Erraza da labirinto batean sartzen; zaila, ordea, bertatik ateratzen, ez baita lan makala irteerarako bidearekin asmatzen. Bada, orain bi mende, bide bihurgunetsuetan galdu ziren emakumeei erreparatu die Garbiñe Ubeda idazleak eta ilustratzaileak. Andoaingo Gudua abiapuntu, “Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan ari dira” erakusketa izanen da aurki. Hala, irudiz adierazi ditu 1837. urteko irailaren 14aren bueltan Andoainen bizitako sarraskiak.

Horretarako, lerro artean irakurtzen den historiari eutsi dio Ubedak, baserriaren zein familiaren zama soinean eraman zuten emakumeen istorioak irudi bidez kontatzeko.

Erronka handia izan al da gerraren krudeltasuna irudikatzea?

Ez naiz irudi gore baten bila aritu. Panelek bestelako gordintasun bat irudikatzen dute, alegia, ez dira soilik gerretan jakinak diren bidegabekeriak agertzen (bahiketak, bortxaketak, besteak beste). Horrez gain, egunerokoari lotutako gauzak ere esaten dira, eta hori ilustratzea izan da onena: ebidenteegia izateagatik inoiz oroitzen ez dugun egunerokoari erreparatu diot, garaiko emakumeen begiradatik.

Gerraz mintzo garenean mundua gelditzen dela dirudi, gizonak elkarren kontra egitera joan direlako, baina bizitzaren gurpilak aurrera darrai. Hala, garai hartan, izugarrizko lana eskatzen zuten baserriek (mekanizatu gabeek), eta emakumeen esku gelditzen zen horien ardura, batez ere. Emakumeak, agureak eta haurrak. Horiexek ziren gerratik kanpo gelditzen zirenak, eta horien gain (batez ere, emakumearen kasuan) jausten zen zama osoa: baserriarena, zaintzarena, oso-osorik bere gain. Hori ikustaraztea ikaragarria da, beste edozein gerra irudi baino askoz indartsuagoa.

Garai bateko irudiak ikusiz gero, idiliko gisa marrazten zaigu baserria: gizonezkoak ikusten ditugu animaliekin, goldearekin. Emakumeak, ostera, beste zeregin batzuetan, etxe zokoan. Erronka handia izan da, beraz, ilustrazioak egitea: emakumea, haurra bizkarrean eutsita, iditik tiraka eta baserriaren zama guztia soinean daramala.

Gerran bizitako isilpeko bortxari eman diozu garrantzia.

Horixe izan dut helburu, ikustaraztea gerra ez dela tiro hotsa soilik. Gerra guztia da; gerra da gosez hiltzea zure senarra bando jakin batekin joan delako lubakietara; gerra da jabetzea zure bizilagunek ez dizutela ezertan lagunduko zure senarrak (eta ez zuk) ideologia jakin bat duelako; gerra da zure familia aurrera ateratzeko ezinean egotea ingurukoen ezinikusia atzetik jarraika daukazula. Hori ere izugarrizko biolentzia da.

Bada, biolentzia hori irudikatzea gordina bezain emankorra izan zait. Erakusketako beste hainbat paneletan, bortxaketez, sasikumeez hitz egiten da. Beharbada, horiek ezagunagoak egiten zitzaizkidan. Ikusarazi ez zaigun horretan ipini dut nik ahalegina.

Irudiotako aurpegietan, tristura eta sumina dira nagusi. Ez zen garai erraza egunerokotasun gordin horretara kondenatutako emakumeentzat.

Haserrea baino gehiago, ezina saiatu naiz irudikatzen.

Historian emandako guda askoren adibide da Andoaingo Gudua. Gizonek pairatu ez zuten sufrimendua jasan behar al izan dute emakumeek emakume izate hutsagatik?

Kondenatuta egon dira, genero rol banaketagatik. Bestalde, umeek ere sufrimendua pairatu zuten; horiek ere baserriko lanera lotuta egon ziren, haurtzaroa ere lapurtu zitzaien. Gauza bera agureekin, zahartzaroarekin. Politena ikuspegia aldatzea izan da, alegia, gizonei begira egon beharrean, gerra emakumeen azaletik erakustea, rol jakina zeukatenez gero. Hori horrela, ezusteko atsegina izan da lana niri eskatzea, ohorea.

Gaiak ematen du zer esan eta zer hausnartu.

Erakusketa, bere sinpletasunean, oso bisuala da. Oso ondo lortzen du gaia egunerokotasunera ekartzea eta gerra sentimenduetatik erakustea, hots, ez izatea orain arte jaso dugun azalpena: hildakoak, zenbakiak, garaipenak, inbasioak eta abar. Gainera, ziur aski, nahiko era unibertsalean dago azalduta, izan ere, 1837. urteaz ari gara, baina, egun, biolentzia horrek jarraitzen du, garaira moldatuta bada ere.

Aipatu duzu modu jakin batean hitz egiten dela historiaz. Liburuetan zein leku dute emakumeek zein zuk erakusketan hizpide duzun egunerokoak?

Espazio murritza izan dutelakoan nago. Ez nago oso eguneratuta eta ez dakit eskolan zer erakusten duten. Dena den, nik badakit zer ikasi nuen, eta horrelakorik ez genuen irakurri. Ikuspegi bakarretik lantzen da historia. Zenbaitetan, badirudi ez dela emakumerik izan, gerra gizonek bakarrik pairatu zutela dirudi maiz. Ondorioz, erakusketa honek ikuspegia aldatzen eta historiari beste modu batean erreparatzen laguntzen du.

Garrantzitsua al da, beraz, horrelako proiektuak egotea?

Bai, jakina. Historia gauza astun eta zahar bat izan da guretzat eskolan; hori horrela, erakusketa, bere sinplean, askoz ere argigarriagoa izan da. Historia liburuek piztu ez didaten interesa piztu dit erakusketak. Gehiago jakin nahia.

Emaitza tamaina handian aurkeztuko da. Gogotsu al zaude ikusteko?

Bai. Aspaldian beste modu bateko formatuan aritu naiz, Aiurriko Ikusbera gehigarrian, hala nola. Proiektu honek estiloa aldatzea eskatu dit; hori ere aberasgarria izan da. Gustura sentitu naiz molde aldaketan, etengabe aldatzea dut gustuko. Aukera ona izan da arkatza eta eskua beste modu batera moldatzeko, estilo propioa bilatzeko, eta hori ez da erraza izaten.

Bestalde, historia kontatzeko erreferentzia polita da komikia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!