Andoaingo ostalaritza bultzatzeko kontsumo-bonuak jarriko ditu udalak

Andoaingo ostalaritza bultzatzeko 1.000 kontsumo-bonu jarriko ditu Udalak herritarren eskura. 30 euroko balioa izango dute bonuek eta irailaren 6tik 17ra erosi ahal izango dira. Herritarrek bonuak 15 euroren truke erosteko aukera izango dute, Salkineko lokalean. 

 

Andoaingo Udaleko Ekonomi Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailak prest du Han edo hemen, erosi Andoainen kanpainaren jarraipena, oraingo honetan, herriko ostalaritza establezimenduetara zuzenduko dena. "Ekaineko kanpainan egin zuten moduan, andoaindarrei dei egiten diegu tokiko kontsumoaren alde egiten jarrai dezaten, oraingo honetan taberna eta jatetxeetan" azaldu du Mari Jose Izagirrek. 

Aurkezpen ekitaldian, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Mari Jose Izagirre Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria zinegotziak eta Maite Ramos SALKIN elkarteko presidenteak parte hartu dute, baita Alexander Huitzi, Petri Romero, Txitxu Ruiz eta Pepe Iparragirre ordezkari politikoek ere.

Ikasturte hasierako bigarren ekimen honekin, Udalak herriko merkatari eta ostalariekin hartutako konpromisoari eutsiko dio, Andoainentzat hain “funtsezkoa” den arlo bati babesa emanez. Mari Jose Izagirre zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, ekimenak zuzenean 30.000 euroko zuzeneko gastua aktibatuko du herriko taberna eta jatetxetan kontsumoaren bitartez. “Hala, hain garai zailetan ostalariei babesa eta laguntza eskaintzeko modu ezin hobea” dela uste du zinegotziak, “enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeaz gain, ostalaritzak herriari bizitza ere ematen diolako”. Oporretatik bueltan, andoaindarrei herriko ostalaritzaren alde egiten jarraitzeko deia luzatu die, bertako taberna eta jatetxeetan kontsumituz eta tokiko kontsumoaren aldeko apustuarekin jarraitzeko, ekaineko kanpainan egin zuten moduan. Izan ere, zinegotziak azaldu duenez, egun gutxitan agortu ziren kanpainaren lehen zatiko bonuak. 

Hah edo hemen, erosi Andoainen kanpainak hirugarren zati bat izango du urte amaieran, Gabonei begira, merkataritza zein ostalaritzako kontsumoa sustatzeko bonuen jaulkipen berri batekin. Lankidetza hau antolatzeko, Udalak hitzarmen bat sinatu du SALKIN elkartearekin, 118.000 euroko zenbateko ekonomikoarekin, besteak beste, kontsumo-kanpaina horiek bultzatzeko.

Bonuak nola eskuratu

Kontsumo-bonuak irailaren 6tik 17a bitartean eta izakinak agortu arte erosi ahal izango dira. Hasierako 1.000 bonoak agortzen badira, udalak bono gehiago aterako ditu ostalaritzari laguntza emateko. Andoaingo adinez nagusi guztiek 30 euroko balioa duen bonu bana eskuratu ahal izango dute, 15 euroko prezioa ordainduz. Horretarako, NANa aurkeztu beharko dute (gehienez ere, NAN bakoitzeko bi bonu salduko da eta andoaindar bakoitzak bi NANei dagozkien bonuak jasotzeko aukera izango du). Ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da goizez, eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez.

Erosketa kreditu-txartelarekin ordaindu beharko da, ez da eskudirurik onartuko. Bonu bakoitza 5 euroko 6 txarteletan banatzen da, eta banaka edo batera erabil daitezke, erosketa batean edo gehiagotan. Bonuaren zenbatekoa ezin izango da eskudiruarekin trukatu, eta erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, ez da dirua itzuliko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!