"Inbertsio estrategikoetan ez dugu ezer aurreratu azken bi urte hauetan"

Aiurri 2021ko ira. 7a, 10:18

Ikasturte hasierarekin batera udal agintaldiaren bigarren zatia martxan jarri da eta horren inguruko irakurketa egin zuen Alvarezek, hedabideetara igorritako oharrean.

EH Bilduko udal taldeak ikasturte berriari ekin dio, Andoni Alvarez zerrendaburua bertan delarik. Izan ere, aitatasun baimenarekin izan da aurreko hilabeteetan. Ikasturte hasierarekin batera udal agintaldiaren bigarren zatia martxan jarri da eta horren inguruko irakurketa egin zuen Alvarezek, hedabideetara igorritako oharrean: “Agintaldiaren lehen bi urteak agortu dira, eta 2019ko ekainean aurrera eraman beharreko lehentasunen gainean urrats gutxi eman direnez, horiei bultzada emateko ordua da. Ez gara nekatuko, aurreko agintaldian markatutako bidetik jarraitu beharra dago: Ur hoditeria berritzen, saneamenduak bideratzen, kiroldegiko bigarren pista eraikitzeko prozesua martxan jarri behar da, eta udal liburutegiaren proiektua martxan jarri behar da. Hauek dira inbertsio estrategikoak, eta ez dugu ezer aurreratu azken bi urte hauetan”.

Bestalde, N-1 eta zarataren harira, “Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean egindako aurkezpenak zapore gazia utzi du gugan. Gai honi irtenbidea emateko udalak paper garrantzitsu bat jokatu beharko du. Udala herriaren eta herritarren interesak defendatu beharko ditu, alderdikeriak alboratuz.

Udal langileen egoera bideratzea lehentasunekoa dela adierazi du: “Bi urtez martxan zegoen lanpostuen balorazioa behar bezala amaitzeko borondaterik ez da egon, eta aitzakia bat edo beste hartuta, atzeratzen joan dira. Orain ezin da gehiago atzeratu eta lehenbailehen heldu behar zaio gaiari. Funtzionario interinoen egoerarekin batera, ikasturte honetan konpondu beharreko gai bat izango da”.

Azkenik, udal gobernuari ekimena eskatu dio “orain arte izan duen jarrera baztertzailea alboratu eta elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren bideari heltzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!