Izagirrek gogoratu du Aierbe irekitzearekin batera hainbat hobekuntza-lan egin direla. “Ibilbidearen zorua gorriz margotu da, seinaleztapen berria jarri da eta 2,05 metroko altuera duen arku bat jarri da; hau da, altuera txikiagoa duten autoei edo ibilgailuei pasatzen utziko die, eta kamioiei edo furgoneta altuei pasatzea galarazten dielarik. Jarduera horien guztien helburua erabiltzaileen eta, bereziki, oinezkoen segurtasuna bermatzea da”.
Azkenik, Izagirrek esan duenez, jarduera honekin, “Udalak inguruko bizilagunen kexa ugariei erantzungo die, pasabidea ixteak haien mugikortasuna baldintzatu baitzuen”.
201tik itxita, oinezkoen segurtasuna zela eta
Gogoan hartu behar da aurreko legealdian, 2017an, Udalak autoentzat ez irekitzea erabaki zuela, oinezkoen segurtasuna zela medio. Gaineratu zuen leku horretan hainbat arrisku egoera suertatzen zirela autoen eta oinezkoen artean.
Erabakiak ezinegona eragin zuen zenbait auzotarren artean, eta bostehunetik gora sinadura bildu zituzten bidea berriro autoentzat irekitzea eskatuz; argudiatu zutenez, pasabidea ixteak Andoaingo herrigunean trafikoa areagotzea zekarren; irtenbidea seinaleak jartzea zela uste zuten, oinezkoei lehentasuna emate aldera.
Herritar horien eskaerari erantzunez, Udal gobernuak adierazi zuen eskaera aztertu egingo zuela. Horrela, 2017ko urrian, hasierako erabakia mantentzearen alde jo zuen, hasierako oinezkoen lehentasunaren inguruko arrazoia berretsiz, eta gaineratuz, udaltzainburuaren aldeko txostenak erabaki hori bermatzen zuela.