Lapurretek alarma eragin dute Andoainen

Aiurri 2021ko ira. 10a, 11:42

Udan zehar, eta azken egunetan, lapurreta ezberdinak izan dira. Atzokoan Udalak argitara eman zuen eta, bestalde, Olagaingo bi auzotarrek Aiurriri oharra helarazi diote.

Udalak bi atxiloketen berri eman zuen atzokoan: “Asteazken arratsaldean, irailaren 8an, Udaltzaingoak Galardi kaleko bigarren solairura eskalatzen sartu ziren bi pertsona atxilotu zituen.  Gaur goizean, Udaltzaingoak beste hiru pertsona atxilotu ditu, goizaldean Aita Larramendi kaleko bi etxebizitzatan gutxienez hiru pertsonak lapurreta egin dutela jakin ostean. Atxilotzeko unean, lapurtutako materiala zeramaten”.

Udalak ohar berean “herritarrei kontu handiz ibiltzeko eskatzen zaie, lapurreta gehiago ez egiteko”.

Olagaingo bi auzotarren idatzia

Gaiaren harira Olagaingo bi auzotarrek oharra helarazi diote Aiurriri: “Andoaingo bizilagunak garenez, ez gara gure herrian jazotako azken gertakarietatik kanpo geratzen. Horregatik, lehenik eta behin, babes mezu bat bidali nahi diegu etxean lapurreta bat jasan duten familiei. Badakigulako gaizki pasatuko zutela, gaizki pasatuko zutela. Denok elkar ezagutzen dugun herri txiki bat garelako, eta ziur gorabehera horietako batzuk hurbiletik tokatu zaizkigula, beharbada hurbilegi.

Bestalde, Andoaindar guztiei neurri egokiak har ditzatela aholkatzea, lapurrek delitu-ekintzak egin ez ditzaten. Ateei erreparatzea eta silikonazko markak edo hondarrak bilatzea. Atariak irekita ez uztea edo ezezagunei sartzen ez uztea. Auzokoen artean lan egin behar dugu posta jasotzeko, etxetik kanpo bagaude, adibidez. Laburbilduz, haien ekintzak zailtzea da helburua.

Eta, era berean, gure Udalari eskatu nahi diogu Andoaingo biztanleen segurtasuna bermatzeko eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzala, eta ahal duen guztia egin dezala herritarren lasaitasuna lortzeko.

Auzo seguruak nahi ditugulako, eta lasai bizi nahi duten bizilagunei begira, Andoain osatzen duten estamentu eta pertsona guztien laguntza eta elkarlana eskatzen dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!