Emakumeak ahalduntzea helburu duten Jabekuntza eskolako ikastaroak zabaldu dituzte

Aiurri 2021ko ira. 13a, 08:41

Joan den ostiralean aurkeztu zuten ahalduntze eskolaren 2021eko udazkeneko ikastaroen eskaintza. Lau ikastaro berri sartu dituzte eskaintzan, lantegi erotikoa, elektrizitate lantegia, kosmetika naturaleko lantegia eta gorputzaren kontzientzia mugimendu askean. Ikastaroetan parte hartzeko onarpen irispideei dagokionez, doakoa dira guztiak, zaintza zerbitzua egongo da, eta izen-emateko epea ikastaroa hasi baino zazpi egun lehenago itxiko da.

Maider Lainez Andoaingo alkateak, Petri Romero Berdintasun zinegotziak, Mari Jose Izagirre eta Teresa Santana zinegotziek eta Sandra Barrenetxea berdintasun teknikariak hartu zuten parte aurkezpenean. Aurkezpenean gogorazi zutenez, Jabekuntza Eskolaren helburua da "emakumeei laguntzea beren  buruaz jabetzen, autoestimua eta beren gaitasunak lantzen, eta emakumeei dagokien espazioa  ezagutzen eta berreskuratzen".

Lainez alkateak gaineratu zuenez, “prozesu kolektiboak, elkarrizketarako, hausnarketarako eta hazkunderako espazioak bultzatu nahi ditugu, berdintasunezko gizartea lortzeko, hori guztia eskubideen ikuspegian oinarrituta. Horregatik guztiagatik, Andoaingo emakume guztiak gonbidatzen ditut ikastaro hauetan parte hartzera, eskaintza zabala eta askotarikoa baita”.

 

Lau ikastaro berri

Urtez urte egin izan diren zenbait ikastaro mantendu egingo dira (autodefentsa feminista, batukada feminista, tertulia feministak, eta, jatorri anitzetako emakumeen elkargune multikulturala).

Beste batzuk, lehenengo aldiz jorratuko dira, lau hain zuzen: lantegi erotikoa (gorputzaren eta desioaren arteko harremana ezartzeko tailerra), elektrizitate lantegia (autonomia eta autogestioa lantzeko), kosmetika naturaleko lantegia (gure kosmetikoak modu erraz eta ekonomikoan egiteko jatorri naturaleko osagaien erabileran eta propietateetan sakontzeko), eta, gorputzaren kontzientzia mugimendu askean (mugimenduaren kontzientzia landuko da, gorputzari entzunez).

Izena emateko edo informazioa eskatzeko, lau bide jarri dituzte interesatuentzat:

- Andoaingo Udalaren wegunea: www.andoain.eus.

- Andoaingo Udaleko Berdintasun Saila, telf. 943300830, ext. 380-397.

- Andoaingo Udaleko Berdintasun Sailaren korreoa: berdintasuna@andoain.eus.

- Andoaingo Udaleko Ataria zerbitzua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!