'Mugitu Andoain' kirol eta jarduera fisikoko jardunaldiari ekingo zaio larunbatean

Aiurri 2021ko ira. 15a, 15:03

Andoaingo Udalak Andoaingo kaleetan jarduera fisikoa ikusarazteko jardunaldi bat antolatu du datorren irailaren 18an, larunbata; Mugitu Andoain programa urtero garatzen da, Andoaingo kaleetara jarduera fisikoa eta kirola ateratzeko.

Iaz koronabirusaren eraginez geldialdia egin ondoren, larunbatean Andoaingo Udaleko jarduera fisikoko eta kiroleko, gizarte-zerbitzuetako eta berdintasuneko sailek antolatuta eta Santa Cruz eta Bertxin Jubilatuen elkarteekin eta Kirol elkarteen laguntzaz Mugitu Andoain ekimena egingo da.

Jardunaldia goizeko 9:00etan hasiko da Zumea plazan, Euskalduna mendi taldeak antolatutako mendi irteerarekin, eta 12:45ean amaituko da Zumean bertan denboraldi atipiko eta zail honetan lorpenak lortu dituzten udalerriko kirolariei esker ona adierazteko ekitaldi batekin; besteak beste, larruzko paleta eta pala motzeko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi duen Gazteleku elkarteko pala taldea eta Gipuzkoako erlojupeko txapelketa irabazi duen Andoaingo Txirrindulari eskolako kadete taldea. 

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!