“Ibili Andoain” ekimena, berriro martxan da

Aiurri 2021ko ira. 17a, 10:36

Datorren asteazkenean, irailaren 22an, ekingo diote adineko jendea elkartzea, elkar ezagutzea eta elkarrekin jarduera fisiko osasungarri bat egitea helburu duen “ibili Andoain” ekimenari. Goiko plazan aurkeztu zuten ekimena atzo, eta bertan izan ziren udal ordezkariez gain antolaketan parte-hartzen duten kirol eta gizarte taldeetako eta osasun saileko kideak. Maider Lainez Andoaingo alkatearen hitzetan, "Programa honen helburua jarduera fisiko osasungarria bultzatzea eta adinekoen arteko harreman sozialak erraztea eta sustatzea da".

2018an abian jarri zen ekimenak erantzun polita izan du ikasturtero Andoaingo jubilatuen eta adinduen aldetik, eta oraingoan ere hala izatea espero dute.

Asteazkeneroko hitzorduak hiru ibilbide izango ditu, laburra, ertaina eta luzea. 10:30ean ibilbide ertain eta luzea abiatuko dira, eta 10:45ean ibilbide laburra. Antolatzaileek azpimarratu zutenez, “erritmoa pertsona bakoitzak bere beharretara  egokituko du, azkarrago edo astiroago, pertsona guztiak gustura egon daitezen”.

Astero bi erakunde edo elkartek antolatuko dute ekimena. Andoaingo Udalak eta Santa Krutz jubilatuen elkartearen esku egongo da lehenbizikoa, datorren asteazkenean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!