Martin Ugalde eta musika izango dira protagonistak udazkeneko kultur programazioan

Aiurri 2021ko ira. 17a, 12:46

Martin Ugalde jaio zela 100 urte beteko direnez, hainbat ekitaldi jarriko dira martxan, tartean 25 urte beteko dituen ipuin lehiaketa. Ez hori bakarrik, emanaldi ugari antolatu dituzte eta Kutxi Romero, Sorotan Bele Gogoan edota Chica Sobresalto bezalako talde ezagunek hartuko dute eszenatokia. Horrez gain, Andoaingo Bandak emanaldi berezia eskainiko du. 

Azaroaren 11n beteko da Martin Ugalde jaio zeneko mendeurrena eta haren ibilbideari omenaldia egiteko, erakusketa zabal batean jasoko da idazle, kazetari eta euskaltzale ezagunaren lana. Erakusketaren xedea andoaindar kazetari eta idazlearen bizitza eta lan oparoa ezagutzera ematea da. Horretarako, lau ataletan banatuta, bere ibilbidea eta bere obra ezagutuko dugu, ETBk utzitako irudien proiekzioa ikusgai egongo da, Ugaldek idatzitako hainbat liburu, eta beste hainbeste elementu erakutsiko dira ere. Azaroaren 5ean inauguratuko da erakusketa eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai, Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan ohiko ordutegian.

Musika emanaldiak

Musika alorrean udazkeneko egitarauak ohiko aniztasuna ekarriko du Andoaingo agertokira. Hala, urriaren 14an MAREA taldeko abeslari Kutxi Romerok saioa eskainiko du bakarlari gisa Basteron. Rock-etik Pop-era, Abenduaren 17an Chica Sobresalto artistak proposamen erakargarria eskainiko du Andoainen.

Santa Zezilia zikloaren baitan 3 kontzertu antolatu dira. Horien guztien artean, Sorotan Bele gogoan emanaldia izango da musika-hitzordu azpimarragarrietako bat, 90. hamarkadako euskal folk-pop talderik ezagunenaren abestiak berreskuratuko dituen emanaldi berezi batekin. Hain justu, taldeko partaide izan ziren Gorka Sarriegi eta Urbil Artolarekin batera, Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak joko du. Azaroaren 20an izango da hori, Basteroko auditorioan.

Aldiz, azaroaren 21 igande eguerdian Concerto a tempo d’umore kontzertua egingo du Orthemis-Nova Orquestra Cambra Empordà orkestrak. Andoaingo Udal Musika Eskolako abesbatzen emanaldia antolatu da Santa Zezilia egunean, azaroak 22an, emanaldi berezia izango da, musikarien eguna borobiltzeko.

Haurrentzako proposamenak

Etxeko txikienek ere izango dute zer gozatua datozen hilabeteetan, egitarau berezi batekin. Esate baterako, urriaren 24an La Tal konpainiaren Italino Grand Hotel antzezlan bitxia, hotel batetako garbitokian kokatzen da arropa garbitzeko makinekin jolas dibertigarria proposatzeko.

Azaroaren 28an, aldiz, pertsonaia oso ezagun baten bisita izango dute txikienek: Perez sagutxoa. Glu Glu konpainia ezagunaren lan berri honek kondaira aski ezagun honen “benetako” istorioa ekarri nahi omen du taula gainera. Dantzaz, abestiz eta umorez jositako saioa izango da. 

Bukatzeko, abenduaren 12an Teatro Paraíso taldeak Lehioak antzezlana ekarriko du Andoainera, sormen prozesua publiko familiarrak ezagutzeko gonbidapena da: leihotik ikusten diren irudiak jakin-minarekin bizitzera edo jakin-min hori asetzera bultzatzen gaituztelarik.

Eta sarrerak?

Sarrerak Kutxabanken eta Basteroko leihatilan jarriko dira salgai irailaren 29tik aurrera. Aurrez aurreko erosketa 10:30etik 13:30era egin ahal izango da goizetan eta 16:30etik 19:30era arratsaldetan, ohi denez, Basteroko sarrera-harreran. Basteroko bazkideek irailaren 27an eta 28an erreserbatu ahal izango dituzte sarrerak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!