'Gurru' ez da erabat joan, dozenaka lagunen bihotzean geratu baita

Aiurri 2021ko ira. 19a, 20:59

Gaur arratsaldean azken agurra eskaini diote Iñaki Gurrutxaga Lopez “Gurru”ri, Goiburuko Txertotako belazeetan. Oso hunkigarria izan da ekitaldia, baina ez da umorerik eta alaitasunik falta izan. “Gurru”ren nortasunaren ikurrak horiexek baitziren: Umorea, alaitasuna, elkartasuna eta bizipoza.

53 urterekin joan bada ere, andoaindar askorengan utzi du arrastoa. Eta gaurdanik haien guztien bihotzean geratu dela esan daiteke. Ibilbide oparoa egin zuen Andoaingo kirol eta gizarte bizitzan, eta horrek herrikide askorekin lotura estua izatera eraman zion. Gaurkoan malkoak isurtzeko aukera izan da, baina baita irri egiteko eta hainbat eta hainbat une on gogora ekartzeko ere.

Jone Larrañagak maisutasunez gidatutako ekitaldia izan da, eta bertsoa eta musika ez dira falta izan. Gurrutxaga peña, Euskaldunako atzoko eta gaurko zuzendaritza taldeko kideak, lagunak, iloba... parte-hartze korala izan du gaurko omenaldiak.

Senideez gain, dozenaka lagun elkartu da Goiburuko Txertotako belazeetara. Eguraldi ederreko arratsaldean, omenaldi ekitaldi gogoangarria izan da. No somos nada, ez gara ezer zioen megafoniatik entzun zitekeen azken kantuak. Ez gara ezer, dio La Polla Recordsen kantuak. Baina “Gurru” handia izatera iritsi zen, dozenaka lagunen bihotzean geratu baita.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!