[Postontzia]

N1, irtenbidea emateko garaia

Imanol Goenaga, Andoaingo EAJ-PNV 2021ko ira. 21a, 11:32

Arazo handiek, tamaina bereko konponbideak behar izaten dituzte. Ezin uka daiteke Andoaingo herriak eta berau inguratzen duten intentsitate altuko errepide sareak eragin edo inpaktu zuzena dutela andoaindarrengan.

Arazo historikoa bilakatu da, pasadako trafikoaren urtez urteko hazkundearen lekuko bilakatu gara, egunero 30.000 ibilgailuk gurutzatzen dute udalerria. Aldiz, saiakera ugari egin diren arren, hamarkadaz hamarkada konponbideak ez du agenda politikoan egikaritzeko behar besteko indar topatu.

Zorionez, agintaldi honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunen lehen lerroan kokatu du Andoain. A-15 eta N-I errepideek sortzen duten trafikoaren korapiloa askatu nahi da, eta honek sortutako zarata eta mugikortasun arazoei erantzuna bilatu nahi zaie. Diputazioak iaz adierazi bezala, prozesu zabala ipini du martxan, fase eta berme askorekin: alternatiben azterketa, trazaduaren definizioa eta proiektua osatzea. Lan egutegi zehatz bat osatu da, gainerako inplikatuen eta erakundeen partaidetza bermatzen duena. Horren adibide, uztailean udalbatzan egindako aurkezpen publikoa, lehen fasean egindako lan teknikoaren emaitza elkarbanatuz. Berriki ingurumen inpaktuen ebaluazio txostena audientzia publikoan ipini da, eta Udalak hobekuntza ekarpen ezberdinak egin ditu.

Batzuk behin eta berriz kontrakoa azpimarratzen saiatzen badira ere, hasieratik sentsibilitate berezia izan da kaltetutako bizilagun taldeen edo elkarte antolatuen iritziak eta eskaerak zuzenean ezagutzeko. Horren lekuko elkar trukatutako eskutitzak edo bilera presentzialak, bai Goikoplazako herriko etxean, bai eta Donostiako Foru ofizinetan eginak.

Bada, ez omen da aski EH Bildurentzat. Ez omen da behar besteko informaziorik eman, ez omen dira partaidetzarako gutxieneko baldintzak bermatzen, eta alderdikeriaz jokatzen ari omen gara. Beste behin ere, dilatazioaren jokoan sartu nahi dute. Konponbideak lan egutegi eta jomuga zehatza duenean, eta behingoz andoaindarrontzat proiektu egingarri bat osatzen ari denean, aitzakien gurpilean bira eta bira.

Ahalik eta modu eraginkorrenean herritarren arazoak konpontzea du xede politikak, nahiz eta askotan horretarako gai ez izan. Asmatzen denean eta akatsak egiten direnean onartzen jakitea funtsezkoa da. Ezinbestekoa deritzot zintzotasunez jardutea. Horregatik asaldatzen nau horrenbeste EH Bildu alderdikeria traketsez egiten ari den desinformazio kanpainak. Urrun geratu dira andoaindarren interesak, helburua bestelakoa da, arerio politikoa desgastatzea.

Berdin du zer eta nola. Hemerotekara jo eta 2010ean Bide Azpiegituretako diputatu zen Eneko Goiaren errekorteak aterako dituzte, egikaritu ezin daitezkeen proiektu zaharkituak lozorrotik berpiztuz, edo inoiz alde bozkatu ez zuten Andoaingo 2011ako Plan Orokorraren defentsa sutsua egingo dute. Aldiz, amnesia larria dute eta ahaztu dute 2015etik aurrera Larraitz Ugarte errepide azpiegituren buru zela egindako kudeaketa traketsa. Ahaztu dute euro bakar bat ere ez zutela bideratu Andoainera. Leitzarango autobidean “txikizioari stop” defendatzetik eta ingurugiroarekiko sentsibilitate hain fina izatetik, Belkoain tunel bikoitz baten bidez alderik alde gurutzatzearen alde agertu ziren udalbatzan orain ez horrenbeste.

Badirudi, oraindik ez dutela argi zeren alde dauden, zein den andoaindarrei eskaini nahi dieten herri-proiektua. Ez dute argi Belkoain gurutzatzearen alde jarraitzen duten ala ez, ez dute argi N1 kontsolidatzea eta hobetzearen alde dauden. Gauza bakarra dute argi: min ematen die beraiek ez diren beste inork lidergoa hartu izanak, eta horretarako iritzi publikoa populismoz jositako ideiez desinformatu eta aztoratu behar bada, hala egingo dute. Denbora behar omen dute barne hausnarketarako. Denbora entzuketa prozesu partehartzaile gehiago antolatzeko. Denbora, arazo historiko honen konponbidea are eta gehiago dilatatzeko.

Beste behin ere, ezker abertzalearen helburu taktikoak eta andoaindarron interes estrategikoak ez datoz bat. Ez dira PNVren edo sozialisten kontra oldartzen ari, andoaindar guztion aurka baizik. Ekintzetara pasatzeko unea da. Ez da aitzakietarako unea. Ez dezagun aukera galdu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!