Fanny Alonsoren jantzi-diseinuak Chillida Lekuko pasarelan

Aiurri 2021ko ira. 21a, 13:04

Alonso bere diseinuak erakutsi zituzten modeloekin batera, Chillida Lekun (Argazkia: Santiago Farizano)

Fanny Alonso Andoaingo diseinatzaileak 10 look aurkeztu zituen Chillida Lekun, irailaren 12an egin zen moda erakustaldian. Azken aldian, Alonsok, kotoia landu zuen Andoaingo Algodonera lantegi zaharra eta bertan aritu ziren emakumeak inspirazio-iturri gisa hartu ditu diseinu lanak egiteko orduan, eta Chillida-Lekun ere hortik jo zuen.

Hamar jantzi horien osagarri gisa, alpargatak eta eskuko boltsak ere diseinatu ditu Alonsok. Adierazi duenez, lihoa eta kotoiaren leuntasuna eta berotasuna aukeratu ditu look bilduma hori osatzeko orduan. “Jantziekin bizitasuna, suharra eta benetakotasuna transmititu nahi izan dut”. Ezaugarri horiek ez ezik, erosotasuna ere kontuan hartu duela erantsi du.

Kutxa Kultur Moda ekimeneko hamar diseinatzaileen sormenak erakutsi ziren Hernaniko museoan antolatu zuten pasarelan, Eduardo Chillidaren artelanen eta zuhaitzen artean. Alonsorekin batera hona zeintzuk aritu ziren: Sonia Cepa Akukuna, Itsaso Segues Natural Killer, Oihane Pardo Amarenak, Maialen Porroy Eme, Nahia Salaberria, Jon Alkain Ural, Barbara Leon Re, Elixabet Perdiguero Eli-Two eta Ainara Antxia Aain.

Ekitaldiko argazkiak eta bideoa ikusgai daude kutxakultur.eus web orrian.

 

Bergaran, erakusketa

Alonsok oihalgintzaren industria sektorean iraganean lanean jardun zuten emakumeen bizipenak ardatz dituen “Kotoiaren emakumeak” erakusketa antolatu zuen Andoainen, martxoan zehar. Ondoren, Bergarara eraman zuen erakusketa berbera, herri hartako emakume langileen eskarmentua erantsiz. Bertan jarraitzen du irekita erakusketak, eta azken asteetan hainbat bisita gidatu eta hitzaldi prestatu dituzte. Ostegun honetan, hilaren 23an, Ane Galarragak eta biek erakusketari buruzko solasaldia gidatuko dute; bertan hitza hartuko dute garai hartako Andoain eta Bergaran iraganean oihalgintzaren sektorean lanean jardun zuten hainbat emakumek.

Urriaren 10 bitarte egongo zabalik “Kotoiaren Emakumeak” erakusketa Bergaran. Hurrengo egunetik aurrera Bilbon egongo da ikusgai, kultur industria sustatzea helburu duen La Terminal izeneko egoitzan hain zuzen ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!