Euskaldunak nonahi daudela esaten denean, ez da hitzontzikeri hutsa; euskaldunek leku batetik bestera mugitzeko ohitura dute, arrazoia edozein dela ere. Errealzaleak ez dira gutxiago, ez baita lehenengo aldia ehunka kilometro mugitzen direla beren bihotzeko talde txuri-urdina ikusteko.
Abuztuaren 27an futbolzaleek Europa League txapelketako zozketa adi-adi jarraitu zuten, aurkariak zeintzuk izango ziren jakiteko; ia urtero bezala, talde zaila egokitu zaio talde txuri-urdinari: Monaco, PSV eta Sturm. Dena den, hori ez zen oztopo izan gipuzkoar eta andoaindar ugarik hegaldia hartu eta Eindhoven hirian lur hartzeko.
Opor usaineko asteburua
Oporraldi modukoa izan da hara joan diren errealzaleena, ostegunean hegaldia hartu eta igandean itzuli. Bitartean, turismo apur bat, giroaz gozatu eta talde donostiarra animatu. Gauzak horrela, hirira iritsi bezain laster, gauzak apartamentuan edo hotelean utzi eta terrazetara joan ziren zale asko, baita andoaindarrak ere. Arkaitz Lasarte herrikidearen esanetan, “hirigunera joan eta tabernetara gerturatu ginen. Giro errealzale polita zegoen, PSVko ultrek giroa harrotu zuten arte. Bertako poliziak segituan eraman zituzten eta berriro ere giro ona gailendu zen”. Antza, egoera kontrolpean edukitzeko, Eindhoveneko poliziarekin elkarlanean aritu zen Ertzaintza, bertako zaleen harridurapean. Gainera, nabarmendu dute, inork ez zuela musukoa erabiltzen. Egoera epidemiologikoa guztiz ezberdina da, eta, beraz, jendearen jarrera ere. Langileek, poliziek eta herritarrek ez zuten maskararik jartzen; beno, soilik garraio publikoa erabiltzeko, eta ez guztiek.
Partida hasi baino apur bat lehenago, tabernak atzean utzi eta PSVren Philips estadiorako bidea hartu zuten, Errealeko kantuak abestuz eta segurtasunagatik zaldi gaineko poliziak inguruan zituztela. Giro ona eta talde txuri-urdina ikusteko gogo bizia sumatzen zen kaleetan. Hala ere, partidua hasi eta 10. minutuan baizik ezin izan zuten sartu, segurtasuna aitzaki, eta covid ziurtagiri ezaguna eskatu zien bakoitzari. Norgehiagoka polita, giro bikaina errealzaleen artean eta berdinketa garrantzitsua eskuratu zuten; baina, zoritxarrez, berriro ere segurtasunagatik orduerdi berandu irten ziren estadiotik. Horiek horrela, askok trena galdu zuten eta zailtasunak eduki zituzten itzultzeko. Esanak esan, bidaia aberasgarria izan zen gipuzkoarrek eta andoaindarrek egin zutena. Turismoa eta futbola uztartuta bestelako astebukaera bat eduki zuten, eta gertakariak gertakari itzultzeko nahia adierazi dute. Izan ere, arestian aipatu bezala, euskaldunak nonahi aurkitzen dira, ez baitira geldirik egotekoak.