Arrate Fernandez Itxaso andoaindarrak antzezpena, gidoigintza, dantza, argazki zuzendaritza... Denetik jorratu izan du kultur sorkuntzan, eta batez ere zinema zuzendari gisa dabil azken aldian. Fikzioaren haritik lau labur (Ekintzen ispilu gardena,
Arbasoen argi iraunkorra, Maddi eta Patxi, eta, Begi ninien koreografia) egin ostean, dokumentalen mundurako jauzia egin du, Gure Hots sorkuntzaren eskutik.
Euskal Herrian hainbat arlotan (nekazaritza, kazetaritza, kulturgintza, zientzia, genero berdintasuna, ekonomia, osasungintza…) zaildutako hamalau emakumeren lekukotza jasota, azken berrogei urtetako erradiografia egin nahi izan du Fernandezek, eta ordu eta berrogei minutuko ikus-entzunezkoa atondu du horretarako.
Pandemia garaian ekoiztu du lana, oso denbora laburrean. “Lan dinamika indartsua izan dela esango nuke, eta batik bat osasun egoerak baldintzatuta, lantalde tekniko murritzarekin aritu naiz”.
Zergatik ekin zion egitasmoari azaldu du Fernandezek. “XIX mendearen bukaera eta XX. mendearen hasierako geure historian emakumearen ekarpena azpimarragarria da, baina gizartean ikusiezintasun batean jarraitzen du oraindik ere. Hausnarketa horretatik abiatuta, premiazkoa ikusten nuen ibilbide emankorreko emakumeen ahotsa jasotzea, haietako batzuk lau hamarkaden berri eman zezaten, beren eskarmentutik diagnosia egin zezaten”.
Hamalau emakumeren eskarmentua
Jendearen artean iritzi-inkesta modukoa egin zuen Arrate Fernandezek, ea noren kontakizuna jasotzea nahi luketen galdetuz, eta horrelaxe osatu zuen hamalau emakumeen zerrenda. “Denekin nago eskertuta, izan ere, egitasmoa planteatu, eta hasieratik agertu zuten prestutasuna. Beren ibilbide profesionaletik, eskarmentutik eta ekoizpen lanetik mintzatu dira, eta oso-oso aberasgarria suertatu da beraiekin lan egitea eta eurei entzutea”.
Belaunaldi eta gizarte arlotako ahotsek gaurko egunetik atzera begira jarri ditu Fernandezek. “Guztiak ere biluztu egin dira, eta samurki hitz eginez, iragana, oraina eta etorkizuna lotu dituzte. Elkarren osagarri dira guztien ikuspuntuak diagnosi orokor bat egiteko, eta horiek denak harilkatuz, ondorio batzuk atera daitezke. Txio moduko batzuk luzatzen zaizkio etorkizunari”.
Haurren eta helduen ipuin kontalaria da Leire Zinkunegi oriotarra, eta narratzailearen paperan jarri da dokumentalean. “Aukera polita eskaini dit Arratek, ikasketa eta ibilbide berri bati ekiteko eta kultur sorkuntzan espazio berri bat deskubritzeko aukera izan da, azken batean”.
Zuzendari gisa Fernandezen ekimena azpimarratu nahi izan du Zinkunegik. “Bikaina da egin duen lana, hainbat emakumeren ahotsa horren modu bikainean sintetizatzeaz gain, erakutsi duelako Euskal Herrian emakumeek badaukatela indarra zinea eta dokumentala egiteko; badaukatela zer kontatua, eta horretarako badutela inspirazioa, indarra eta gaitasuna”.
Mezu baikorreko dokumentala
Gure Hots ez da estreinatu, eta Leire Zinkunegi izan daiteke beraren gainean iritzi eman dezakeen pertsona bakanetakoa, oraingoz. “Altxorra da! Argia proiektatzen dizu eta laguntzen dizu ohartzeko emakumeok zer daukagun geure baitan, gizartearen erdiak zer nolako ibilbidea eta eboluzio historikoa egin duen. Ikusleok kontzientzia hartzera gonbidatzen gaitu eta aldi berean, interpelatzen gaitu galdetuz aurrera begira ea gutako bakoitzak zer eskaini dezakegun. Beste emakumezkoekin eta gizonezkoekin, norantz joan nahi dugu? Galdera hori egitera bultzatzen zaitu”.
Nork bere burua ahalduntzeko ariketa bat proposatzen du dokumentalak, Zinkunegiren aburuz. “Indarberritze fresko bat txertatzen dizu, norbanakotasunetik kolektiborako jauzia egitera animatzen zaitu. Ikuspegi transbersala edukita, feminismotik gizarte osoa ukitu eta eraldatu daitekeen ideia sustatzen du. Aldi berean, gogorazten digu euskaldunen mundu-ikuskeratik abiatuta jarraitu behar dela naturarekin, ongizatearekin zein kulturen eta kolektiboen integrazioarekin bat eginda”.
Arratek jarraitu du Gure Hots dokumentalaren espiritua zein den azalduz. “Oso gizarte aurreratua daukagula iruditzen zaigu, baina ikasketa pedagogiko eta psikologiko sakonaren premian gara. Gizarte neoliberal eta heteropatriarkalean bizi garenez, elkarren artean lehian bizitzera zigortuak gaude; frustrazioa besterik ez dakargu giro erasokor eta gatazkatsu horretan bizi beharrak. Alabaina, gauzak ez dute zertan izan horrela, badago alternatiba, eta horixe da dokumentalak modu xumean zabaldu nahi duen mezua. Alegia, elkarren errespetuaz eta inklusibitatean oinarrituz, denok eduki dezakegula geure presentzia, inor ez izateko zapaldua, inor ez izateko beste inor baino gehiago edo gutxiago”.
Dokumentalaren ibilbidea
Dokumentala egina dago, eta orain bere finantzazio eta promozioari ekin diote; hortaz, pazientzia beharko da aretoetan ikusi ahal izateko. Sormen-lana baino nekezagoa den bideari ekin diotela dio Fernandezek. “Askotan pentsatzen da zailena dela errodajea eta edizioa egitea, eta hortik aurrera dena dela erraza, antzoki bat ireki, bertan estreinatu, jendearen iritziak jaso… Gauza ez da horren samurra. Kulturaren eta sormenaren munduak zauri handiekin segitzen du, eta pandemiak zauri horiek bistaratzeaz gain, larritu egin ditu. Ez da behar hainbat baloratzen sortzaileen ekina, ez da sumatzen plangintza estregikorik administraziotik. Kulturarik gabe deus gutxi garenaren kontzientziarik ez dago, eta eraginez, zinema munduan jende mordoak prekarietatean bizitzen jarraitzen du”. Gure Hots dokumentala festibaleko zirkuitoan txertatu nahi dute; egin dezala hortik bidea, ondoren zine aretoetan plazaratuko den itxaropenarekin. Arrate Fernandezen ametsa, aretoetan estreinatu eta publikoak gozatzeko aukera edukitzeaz gain, zera da, testigantza eman duten hamalau emakumeak denak bildu, eta horiekin aurkezpen publiko eder bat egitea. Ametsak errealitate noiz bihurtu zain, Fernandezek eduki du non gozatua egunotan. Izan ere, bizitzako lehen urteek gugan uzten dituzten aztarnak ardatz dituen Maria Soroleresen Aztarnak dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu dute; Fernandez ekoizle-laguntzaile gisa aritu da dokumental horretan.
___________________
Gure Hots dokumentala:
- Zuzendaritza: Arrate Fernandez.
- Edizio lanak: Arrate Fernandez eta Elena Nuñez
- Kamera, argazki zuzendaritza: Joseba Ariznabarreta.
- Soinua: Oier Villar de Paul.
- Musika: Maddi Zubeldia, Caroline Phillips, Mixel Ducau.
- Narrazioa: Leire Zinkunegi.
Testigantzaren emaileak:
- Alaia Martin. Bertsolaria eta kazetaria.
- Irantzu Varela. kazetaria, Pikara magazineko zuzendaria eta genero kontuetan aditua.
- Ane Ablanedo. Unibertsitate irakaslea, iritzi artikuluen egilea, hitzaldia emailea.
- Nekane Jurado. Ekonomista, psikologo klinikoa.
- Estibaliz Besa. Enologoa eta upategiko mahastegilea.
- Alizia Aleman. Soziologoa, kooperazioan aditua eta administrazio langilea.
- Maddi Zubeldia. Irakaslea, musikaria, Idazlea.
- Josebe Iturriotz. Emakume eta gizonezkoen berdintasuna teknikaria.
- Maite Iturralde. Sendagilea, parlamentari ohia Gasteizen.
- Itxaro Borda. Idazlea.
- Arantza Urkaregi. EHUn zientzia irakaslea,
- Maite Ariztegi. Abokatua, parlamenatari ohia, baserritarra.
- Caroline Philips. Musikaria, enpresaria, informatikaria eta kontseilaria
- Isabel Elizalde. Landa garapenerako teknikaria, eta Nafarroa Baiko kontseilaria izandakoa.