Antzezlanean errealitatearen pertzepzio ezberdinak dituzten bost pertsona elkartzen dituzte. Bost pertsona, bost harreman indarkeriarekin. Trilogia baten hasiera izan zen eta konpainiak bi ardatz dituela aitortzen du: Lehenengoa, artistikoa. Eta bigarrena, pedagogikoa. Indarkeriaren deslegitimazioa eta bakearen kulturaren sustapena egiteko kutsu sozialeko antzezlanak egiten dituzte. “43-2” antzezlana Maria San Miguel sortzaile eta ekoizleak sortutako lehen ikuskizuna izan zen.
Beste bi antzezlan sortu dituzte geroztik. Bigarrena “La mirada del otro” izan zen, Urnietan 2017an eskaini zutena. Eta hirugarrena “Viaje al fin de la noche”. Azken hori Lasarte-Orian ikusteko aukera izango da, urriaren 15ean iluntzeko 20:00tan hasita.