"Urte gutxira denda txikiak desagertu egingo dira"

Jon Ander Ubeda 2021ko urr. 11a, 08:14

Olatz Olmedo Ikelatz mertzeriko dendaria da eta Kale Nagusian berrogei urtez zabalik izan den negozioak ateak itxiko ditu, laster. Internet bidez areagotu den online salmenta denda txikien galbide bilakatu da.

Negozioa ixtera zoaz, amak ireki zuena. Zein ibilbide izan du urte hauetan guztietan?

1981ean amak ireki zuen, mertzeria bat Andoainen beharrezkoa zela uste zuelako. Oso ondo hasi zen negozioa, eta 16 urterekin ni neu ere lanean hasi nintzen. Baina denboraldi batetik hona aldaketa etorri da. Erosteko garaian, bereziki. Herrian jendea hasi zen hedadura handiko guneetara joaten. Horek ez zigun erabateko galera ekarri baina azken zazpi urte hauetan internet bidezko salmentak eragin handia izan du. Amazon eta antzekoak zerbitzua eskaintzen hasi ziren, eta guk ez dugu horrelako ekimenik martxan jarri.

Negozio horien agerpenarekin herriko bezeroekin, betikoekin, lanean segitzeko aukera izango nuela pentsatzen nuen. Baina gauzak asko aldatu dira. Zazpi urtetik hona, bereziki.

Negozioa beheruntz doa eta ordainketak egiten jarraitu beharra dago. Erosten dudanaren eta saltzen dudanaren artean, ez dit negozioarekin aurrera jarraitzeko aukera ematen.

COVID-19ak gehiago okertu al du lehendik bizi zenuten egoera zaila?

Pandemia internet bidez erosteko beldurra uxatzeko baliagarria izan zaio bati baino gehiagori. Jende gehiagok on line bidez erosteko aukera hori ikasi du. Oso erosoa zaie, etxerainoko zerbitzua eskaintzen dutelako. Guri lan hori kendu digute. Erabaki bat hartu behar izan dut.

Erabaki gogorra.

46 urte ditut, eta horietatik 30 denda honetan eman ditut. Pentsatzen jarrita, zenbat denbora itxaron behar dut egoera aldatzeko edo hondoak jotzeko? 46 urterekin ez nago jubilatzeko. Oraindik urte asko eman behar ditut lanean. Pena handi-handia dut, ez dakizue zenbateraino! Amak hasi baitzuen negozioa eta nik eman nion segida gero.

1981eko azaroaren 20an zabaldu zen denda, eta hortxe-hortxe 40 urte egingo ditu zabalik. Sentimentalki, erabaki gogorra da. Kosta zait. Amak ere pena handia du, ni hemen erretiroa hartzen ikusten ninduelako. Eta neronek ere hori pentsatzen nuen duela 15 urte. Interneteko negozioek kolpe handia eman digute.

Urte hauetan guztietan erosleen aldetik zein joera nabarmendu da?

Asko aldatu da. Denda txiki-txikia zen ireki genuenean. Hariak, gomak, telak, forroak... mertzeria txikia zen. Gerora kamisetak eta kuleroak. Duela hamabost urte dendaren atzealdetik zabaldu genuen negozioa, eta hor eskaintza zabaldu nuen: Adin guztietarako pijamak, lanetarako arropa, Eguberrietarako arropa, batak... Apustua egin behar nuen. Urte asko eman dugu horretan, baina azken sei-zazpi urteetan negozioa asko jaitsi da. Antzeko negozioetan egoera bertsua bizi dutela antzematen dut.

Zein oroitzapen gordeko duzu?

Txikia nintzela ireki zuen amak negozioa. Sei urte nituen eta hemen bizi nintzela esan daiteke. Bitxia da, zeren eta nire amaren bezeroak txikia nintzela ezagutu nituen. Denbora pasa da eta bezero berdinak igaro dira dendatik. Helduagoak, baina horiek bezero fidelak izan dira. Herrian bizi eta herrian kontsumitzen zuten.

Zer esango zenioke betiko bezero horri?

Ixteak pena handia ematen didala esango nizuke. Hau ez da denda ireki eta saltzea. Merkatalgune handietan ez bezala, tratua oso garrantzitsua da hemen. Konplizitate handia lortu dugu bezeroarekin. Lagunak eta guzti egin ditut. Gauza onak eta txarrak kontatzeko hurbiltzen dira, eta gu, tarteka, horretarako gaude. Jendeak gertuko harreman hori behar du. Dendan esperientzia pila bat izan ditut. Barre asko egin dut, haserretu naiz, eta negar ere egin dut. Penaz, batzutan. Urteen poderioz bezero asko hil egin zaizkigulako. Dendan egotea bizitzeko modua izan da niretzat. Bizitzako etapa bat bezala hartzen dut, hilabete gutxiren bueltan bukatuko dena. Barruan geratuko zait urte hauetan guztietan bizi izandakoa.

Elkarrizketan zehar diozunagatik tokiko merkataritzaren egoera, beraz, ez da batere samurra izango.

Hemendik urte batzutara, 5-7-10-15 urtetara, herriko denda txikiak desagertu egingo dira. Jendea ez da kontziente nola aldatzen ari den gauza. Bezero gehienak adinean gora doaz, eta bezero gazteak ez dira hurbiltzen. Oso gutxi dira hona hurbiltzen direnak. Zergatik? Dagoeneko ez delako lehen bezala josten, herrikide asko kotxea hartu eta haurrekin eremu handiko merkatalguneetara joaten delako. Han ez dute hotzik pasatzen, ez dira bustitzen, eta dena eskura dute.

Ni baino zaharragoak diren dendariak jubilazioa iritsi arte eusten ahaleginduko dira, lan merkatuan aukera askorik ez dutelako topatuko. Tarteko egoeran nago, ez bainaiz gaztea ezta adinekoa ere. Beste bide batetik jarraitu nahi dut lan munduan.

Zer esango zenioke merkataritzan bidea egiten ari den gazteari?

Lokal asko dago itxita Andoainen. Negozio batzuk ireki dira, baita itxi ere. Pazientzia handia behar da, eta ilusio pila bat. Zortea izan dezala! Ez gaudelako une onean.

Ticket BAI bezalako ekimenekin zaildu daiteke, katramilatsua iruditzen baitzait sistema hori. Tokatzen zaienei, moldatzen jakin beharko dute. Pazientzia handiz eta ilusioz has daitezela. Ea gertuko administraziotik laguntza jasotzen duten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!