Adimen artifiziala, bakarrik bizi diren adineko pertsonentzat

Aiurri 2021ko urr. 11a, 11:52

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri fundazioak antolatutako Zaintek IoT izeneko proiektu pilotuan parte hartu du Andoaingo Udalak. Adimen artifiziala bakarrik bizi diren adineko pertsonen zerbitzura jartzea da proiektuaren helburua. Interesatuek jo dezakete Udaleko Gizarte Zerbitzuetara, sistema etxean instalatzeko eskatuz.

 

Andoaingo alkate eta Gizarte Zerbitzuetako lehendakari Maider Lainezek eta Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako arduradunak proiektuaren berri eman zuten urriaren 6an. Jakinarazi zutenez, Andoaingo zortzi familiek hartu dute parte proiektu pilotuan, eta euren balorazioa ona dela ziurtatu zuten. Era horretan, Andoainen bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako ia 600 pertsonentzat izan daiteke egokia sistema, eta interesa dutenek Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete; Udalaren esku doa instalazioaren gastu guztia.

Sanzek adierazi zuenez, Wattio enpresa teknologiko donostiarrak sortutako instalazio sinple batean oinarritzen da proiektua. “Instalazio horrek, adimen artifizialaren, laguntzaile birtualen eta IoT gailuen bidez, bakarrik bizi den adineko pertsona baten errutina detektatzen du, eta inguruan, APP baten bidez, edozein egoera anomaloren aurrean ohartarazten dio”. Etxean ipintzen diren hiru sentsoreek detektatzen dituzte ezohiko mugimenduak.

Lainez alkateak garrantzitsutzat jo zuen adinekoei beren etxeetan laguntzeko baliabide teknologikoak garatzea. “Bakarrik bizi diren adineko pertsonek beren autonomia eta independentziaz gozatzen jarraitzea da helburua, beldurrik gabe, beren etxeetan”.

Lainezek eta Sanzek Andoaingo 65 urtetik gorako pertsonen familiarrei deia luzatu zieten, interesa edukiz gero Gizarte Zerbitzuen Departamentuarekin harremanetan jar daitezen, 943304343 telefonora deituta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!