Normaltasunaren itxura hartuko du aurtengo Santu Guztien Eguneko ospakizunak. Eskaeran nabaritzen ari al zarete hori?
Iaz ere, nahiz eta ez ohiko egoera izan, eskaera asko izan genuen. Lan gehiago egin behar izan genuen, hori bai. Zergatik? Askok etortzerik ez zutelako, eta telefonoz egiten zuten eskaera. Mugitu behar izan genuen eta uste baino gehiago saldu genuen.
Aurten ikusten ari gara bezeroak zuzenean hona hurbiltzen ari direla. Andoainen panteoiak beti bezala garbitu ditugu.
Donostian ere saltzen dituzu loreak.
Berrogei urtetik gora dira Polloeko hilerriaren aurrean postua jartzen dugula. Urriaren 30etik azaroaren 1era han izango gara, eta baita Arimen Egunean ere. Azaroaren 2an, alegia.
Azken orduan jende asko ibiltzen al da?
Giroaren arabera izaten da. Eguraldi onarekin adineko jendea errazago animatzen da, ohitura ez galtzeko. Adinekoak gehiago hurbiltzen dira, seme-alabak lagunduta. Errezoa egin eta lotura zuzena dute hildakoarekin. Etxean daudela, noski, ez dituzte joandakoak ahazten baina hilerrira joanda lotura estuagoa sortzen da.
Belaunaldi berriek ekitaldi sinboliko modura baliatzen dute eguna. Larrosa bat edo sorta bat hartzen dute, errausketa asko handitu delako. Asko eta asko ez dira hilerrira joan ere egiten. Donostian, adibidez, itsasoan larrosa asko botatzen da.
Urriaren 31n eta azaroaren 1ean negozioa zabalik izango duzue?
Bai, noski. Urtean zehar itxita dugu, 69 urterekin erretiratuta bainago. Baina gizarte segurantzatik urteko sasoi honetan lan egiteko aukera ematen digute.
Faltan botatzen duzu lanean ari zineneko garaia?
Ez. Baserrian lana ez baita inoiz falta izaten. Geldirik egoteko tarterik ez dugu.
Zure ikuspegitik nola aldatu da merkataritza?
Asko aldatu da. Orain
gehien saltzen den lorea Ameriketatik dator. Kolonbiako klabelina erabiltzen dugu %80an. Dagoeneko ez da hemen egiten. Gurutzeak, koroak eta zentroak nagusitzen ziren lehen. Eta orain zentroak edo lore-sortak.