Kultura zale amorratua da andoaindarra, zehazki, Interneteko azpimunduari buruz idazten eta hitz egiten du. Sare sozialetan ezaguna da interes orokorreko gai ugari jorratzen dituelako. Hori guztia gutxi balitz, Taiwanera doa txinera ikastera, bizitzan aurrera egiteko nahia sentitzen baitu.
Zer ikasi duzu?
Batxilergoa bukatu eta Bartzelonara joan nintzen Enpresen Administrazioa eta zuzendaritza eta Zuzenbideko gradu bikoitza ikasteko; hasiera batean, Enpresa Internazionalen ikasketak egin nahi nituen, baina ez nuen lehen tandan sartzeko aukerarik eduki. Dena den, aurrerago Enpresa Administrazio Internazionalen gradua ireki zuten eta lau urte igaro nituen ikasten. Bukatu bezain pronto, lanean hasi nintzen, baina berriro ere ikasteari ekin diot oraingoan: Kulturaren Kudeaketa.
Ez dute zerikusi handirik zure ikasketek eta lan-esparruak, ezta?
Kudeaketa Kulturalaren ikasketekin zerikusia dauka, baina egia da Enpresen Administrazio Internazioanala ere ikasi dudala –gradu sibarita dela esango nuke; Enpresen Administrazio gradua baino zerbait bereziagoa edo mokofinagoa egin nahi nuen, alegia–. Marketing lanetan hasi nintzen ikasketak bukatu bezain laster, eta, aldi berean, aldizkari digital batzuetan idazten hasi nintzen ere. Gainera, txinatar zinemari buruzko Gradu Amaierako Lana egin nuen eta irakasleari asko gustatu zitzaionez, aldizkari akademiko batean artikulu bat argitaratzeko eskaintza egin zidan. Txinatar zinemaren industriak 'boom' bat eduki zuen garai hartan eta nire artikuluen antzerako argitalpen gutxi zeudenez, zabalkunde handia eduki zuen. Egun, ordutegi malguarekin lanean zein artikuluak idazten nabil, hots, iturri askotatik edaten.
Nola definituko zenuke zeure burua komunikatzaile gisa?
Komunikatzaile kulturala naiz. Internetaren kulturari buruz asko idazten dut: esaterako, memeak, irudiak, azken egunetako jazoera ezagunak eta horrelakoak. Gaur egun, kultura Internetari zuzenki lotuta dago; hortaz, oso zaila da bi arlo hauek bereiztea.
Hainbat gunetan idatzi eta parte hartu duzu, besteak beste, Sitges eta Dafilm jaialdietan, Rockdelux aldizkarian edota Euskadi Irratian...
Egia esan, bai. Kontua da jaialdiek bizpahiru hilabete irauten dutela, beraz, ez naiz urte osoa gai beraren gainean lanean egoten. Rockdelux aldizkarian, berriz, artikulu bat idazten dut astero Internetari buruz. Euskadi Irratian, Sarean programan parte hartzen dut, eta, iaz, Gazteako Gu saioan eta Naiz Irratian hitz egiten aritzen nintzen. Azken finean, horrelako gauzez hitz egiteko jendea behar dute, euskalduna eta Interneten murgilduta dagoena. Irratia oso polita da, gozamena da.
Ez al dago euskaraz gai horien gainean hitz egiten duen jenderik?
Iruditzen zait gai horiek jorratzeko geroz eta hizlari euskaldun gehiago daudela. Gainera, uste dut, ez dagoela jende asko gai hauek ikuspuntu didaktiko batetik jorratzeko gai direnak eta lantzen dutenak.
Interneten sortzen diren fenomeno ugari ditugu gure artean. Adibidez, memeak. Leku guztietan ditugu, eta sarean sortzen dira. Baina zein da jatorria, eta zergatik sortu dira? Horrelako gauzei azalpena ematen saiatzen naiz, izan ere, interes orokorrekoa dela pentsatzen baitut. Guztiok erabiltzen edo kontsumitzen ditugu, sarritan, atzean duen istorioa jakin gabe.
Etorkizunari begira, geroz eta indar handiagoa edukiko al dute jorratzen dituzun gaiek?
Bai, jakina. Gutxinaka jendartea mundu honetan murgiltzen ari da. Estatu Batuetan horrelako gauzetarako goiztiarragoak dira; hots, itsasoaz bestaldeko komunikabide batzuetan Internetaren gainean hitz egiteko sail bereiziak sortzen ari dira. Horregatik diot Euskal Herrian gutxinaka bide bera hartuko dugula. Interneta arlo guztietan presente dago eta ezin uka daiteke berebiziko garrantzia duela. Gauzak horrela, laster, bertako komunikabide gehiagotan plasmatzen hasiko dira nik jorratzen ditudan gaiak.
Demagun, zuk adierazitakoaren ostean, Aiurrik horrelako atal bat sortzearen pausua eman nahi duela. Zer egin beharko genuke?
Jakin-mina eduki. Interneten denbora luze igarotzen duenak, idazten dakienak eta analisi bat egiteko gai denak arazorik gabe atal berri hori landu dezake. Gaiaz apur bat ikertu beharra dago; jazotako gertakarien atzean dagoena azaleratu behar du Interneteko kulturaz idazten duenak. Horrez gain, Aiurriren irakurlegoari interesatzen zaizkion gaiak identifikatzea ezinbestekoa litzateke.
Orokorrean hitz egin ohi duzu Interneteko kulturaz. Eskualdeari begira ba al dago gertuko gairen bat?
Andoainen bertan 'Andoaindarras y punto' izeneko Facebook talde bat dago, fenomeno miragarri bat da. Izugarria iruditzen zait eta oso gertutik jarraitzen dut. Oso bitxia da nola erabiltzen duten komunikatzeko era hori Andoain bezalako herri txiki batean. Askotariko gaiak irtetzen dira bertan, eta iruzkin asko sortzen dira, WhatsApp-eko talde bat izango balitz bezala. Esaterako, deigarria egin zitzaidan, bakunen aurkako argitalpenek zer nolako oihartzuna eta eztabaidak sortu zituen, herritar ezezagunen artean. Eta gai hori izan daitekeen bezala, beste edozein gai hutsal.
Deigarria egin zait, zeure burua gargola digitaltzat hartzen duzu. Zer da hori?
Gargola digitala elizaren puntan dagoen munstro bat da; guztia ikusten du. Nolabait esanda, une oro goitik behera behatzen dagoen norbait da gargola digitala. Ni Interneten horrela aritzen naiz, guztia gainbegiratzen, kuxkuxeatzen eta muturra leku guztietan sartzen.
Marzolen sare sozialak: @ainhoamarzol
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 592. zenbakian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.