Dabid Argindar jaiotzez donostiarra da, baina duela 15 urte Andoainera etorri zen bizitzera. Gaztetatik argazkilaritza gustuko izan du eta, egun, goi mailako argazkilaria da; elite mailako futbol eta pilota partidetan, eta zaldi lasterketetan aritzen da lanean. Horrez gain, web orriak diseinatzen eta egiten ditu.
Azken aldian, zenbait proiektutan murgilduta dabil; beste batzuen artean, 'Paretaren mintzoa', pilotalekuen argazkietan oinarritzen den proiektua, edota zaldi lasterketei buruzko web orria. Horrez gain, Zorrotzaurre auzoko ‘La Terminal’ gunean argazki erakusketa eskainiko du.
Nolatan hasi zinen Euskal Herriko frontoiei argazkiak ateratzen?
Betidanik piztu didate arreta pilotalekuek. Frontoietan denetarik egin izan dugu, besteak beste: bazkariak, afariak, bertso-saioak, parrandak... Beti izan da herriaren muinoa edo erdigunea, hau da, jendearen elkarleku. Horrez gain, Oteizari irakurrita, horien espazioak eta berezitasunak harrigarriak iruditzen zaizkit. Hala eta guztiz ere, frontoien argazkilaritzan 2013an murgildu nintzen; Urbasara joan nintzen elurra ari zuenean eta bat-batean pilotaleku bat aurkitu nuen mendiaren erdian, guztiz elurtua. Orduan, autoa gelditu eta argazkiak ateratzen hasi nintzen. Garai hartan ez nuen argazki seriea eginda, baina orduz geroztik frontoiak ikusten ditudanean mementoa erretratatzen saiatzen naiz.
Hori guztiaren ostean, pelotamano.com web orria egiten hasi nintzen, eta, beraz, argazki gehiago atera behar izan nituen. Web orriaren harira lan eskaintza gehiago sortu zitzaizkidan, esaterako, Astore arropa markarentzat. Horrez gain, argitaratu berri den pilotari buruzko liburu baterako argazkiak eskatu zizkidaten. Gauzak horrela, lana eta argazkiak uztartu nituen, eta oraingoz, 1000 argazkitik gora atera ditut.
Argazkilaritzan maila gorenera iritsi zarela esan genezake?
Ez dakit. Nik argazkilaritza ez dut horrela ikusten. Norbaiti nire lana gustatu zaio eta erakusketa baten bitartez erakutsi nahi izan du. Gainera, oraindik, ez dut erakusketari dagokion guztia antolatu. Lan handia eskatzen du. Esan beharra daukat eguneroko lanak egiten gaituela handi eta batzuek gehiago ala gutxiago baloratuko zaituztela.
Sare sozialetan oihartzun handia eduki du zure lanak...
Bai, hori egia da. Sare sozialetan hartu-emana handiagoa eta errazagoa da, eta jendeak gustura laguntzen du horrelakoetan. Esaterako, Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko frontoien argazki pila egin nituen, baina Bizkaikoak gutxi. Noski, erakusketa Bilbon egin behar dudanez, bai ala bai, Bizkaiko argazki gehiago egin behar izan nituen. Hala, sare sozialen bidez eskatu dut laguntza informazioa jasotzeko, eta erabiltzailea askok lagundu naute.
Esanak esan, hasiera batean, nire kabuz topatzen nituen. Ondoren, informazioa jasotzen hasi nintzen, esaterako, frontons.net webgune frantsesean. Horrekin batera, jendeak ere informazio asko helarazten dit, proiektua gauzatzeko. Ahoz ahokoa garrantzitsua da eta pilotazaleek nire proiektuaren berri izan zutenean nirekin kontaktuan jartzen hasi ziren.
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 592. zenbakian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.