Maila gorenera iritsi da Aira eta etorkizun oparoa du aurretik. Espainiako eta Kataluniako selekzioekin aritzeaz gain, Bartzelona taldeko jokalaria da. Gainera, 20 urte azpiko Europako txapelketan podiuma eskuratu nahi du unibertsitatea sartzeko. Askok lortu ez dutena oso gazte lortu du kataluniarrak.
Maila oso altura iritsi zara errugbi munduan. Bartzelona taldearekin eta selekzioekin jokatzera iritsi zara...
Esan daiteke errugbian maila gorenera iritsi naizela; Espainiako selekzioarekin 15 Absolutuan parte hartzea soilik falta zait. Esan beharra dago, selekzioarekin 7 'sevens' modalitatean jokatzen dudala. Ligari dagokionez, lehen mailan jokatzen dut Bartzelonako taldearekin. Hori gutxi balitz, Espainiako 20 urtez azpiko selekzioarekin jokatuko dut, 15eko modalitatean.
Oso gaztea izanik, horren maila altura iristeko, gogor entrenatu behar izan duzu, ezta?
Egia esan, oso gogor entrenatu dut. Jarraitasun handiz lan egin dut eta, seguruenik, hori da helburua lortzeko gako nagusia; noski, entrenamendu guztietara joatea, ez huts egitea eta norbanakoaren lanketa ezinbestekoa da. Buruan duzun helburua lortzeko, exijentzia nahitaezkoa da, bai besteek jartzen dizutena, baita zeurea.
Zein aurreikuspen duzu denboraldi berriari begira?
Egia esan behar badizut, nahastuta nago. Ez dakit zer jazoko den eta nolakoa izango den. Izan ere, Espainiako selekzioa nire klubarekin tartekatu behar dut. Beraz, zaila da zehaztea. Denboraldiak aurrera egin ahala, modu batera edo bestera antolatuko naiz, baina, oraingoz, Keniako txapelketan eta ondorengo partidetan jarriko dut gogoa. Keniatik itzulita, selekzio absolutuarekin jokatuko dut eta, geroago, 20 urte azpiko selekzioarekin Coimbrara joango naiz Europako txapelketa jokatzera.
Helbururik ba al duzu etorkizunari begira?
Nahiago diot datorren urteari begiratu. Ez naiz oso luzera pentsatzen duen horietakoa. Egunerokotasunari begiratzen diot, eta helburua 20 urte azpiko lehiaketan Europako txapeldun bilakatu edo lehen hiruren artean geratzea izango litzateke; horrela, eliteko jokalari bilakatuko nintzateke, eta unibertsitatean sartzeko oso baliagarria litzaidake. Nire helburua unibertsitatean sartu, INEF ikasi eta errugbian aritzea da.