Keinuko erakusleihoak Gabonetara garamatza, euskal jantziak eskaintzen hasi zaretelako.
Ekainean pandemiaren gogorrena atzean geratuko zela ikusten hasi ginen. Eskaera handia egin genuen orduan, eta apustu egitea erabaki genuen. Gehien-gehiena iritsi zaigu eta dagoeneko hasi gara jantziak saltzen. Eskaintza bereziak daude, tartean. Garaiz ibiltzen denak abantaila izango du.
Garrantzi handikoa da Eguberria, ezta?
Lan gehiena ospakizunen bueltan egiten dugu: Gabonak, udako ospakizunak... Ezkontzak eta bestelako ospakizunak martxa onean hasi direnetik txapelak eta zapiak bordatzen hasi gara. Ezkontzako gonbidatuentzat txapel txikiak eskaintzen hasi gara, bordatu txiki batekin. Ideia originala da.
Tradiziozko jantzietan aukera zabala dago. Zein da egungo joera?
Aukera zabala dago, bai. Urteak dira nesken jantzietan koloreak sartu zirenetik, eta mutilen jantzietan berrikuntzak sartzen ahalegintzen gara. Gizonezkoei aldatzea gehiago kostatzen zaie, gehienetan bluxa beltza jartzen baitute. Hasi dira, halere, koloreak eta bestelako elementu berriak sartzen. Koloredun zapiak, granate koloreko jantzia...
Bordatuak pertsonalizatzen dituzue.
Hori da gure aukera, eta berezitasuna. Jantzia bertan erosiz gero, bordatua doan eskaintzen dugu. Nesketan bordatua amantalean, gonan edo zapian jartzen dugu. Eta mutiletan gerrikoan, txapelan... Keinuren oparia da.
Adin guztiei begirako eskaintza duzue.
Halaxe da, bai. 0 tailatik hasi eta emakumezko eta gizonezko helduetaraino. Osagarri guztiekin, gainera. Ez dugu ezeren falta. Albarkak, galtzerdiak... Bertan aurki daiteke dena.
Hobe garaiz ibiltzea, ezta?
Bai, erosleak aukeran modelo ezberdinak probatzeko aukera duelako. Espero dut Gabonetan aurreko urtean saldu ez zena saltzea eta egoera honetatik ondo ateratzea.