Iaz, garai honetan, haur-parkeekin gertatu zen bidegabekeria errepikatzen ari dira Andoaingo kiroldegian. Erreserbak eskatzeko hitzordua kendu egin dute, igerilekuaren ohiko erabilera berreskuratu da, sauna eta solariuma lehengora itzuli dira, areto barruko leihoetatik igerilekura begira egon gaitezke, baina oharraren azken lerrora iritsi eta hortxe topatu dugu hasarrerazi gaituen araua. Horrela dio: “Haurrentzako igeriketa ikastaroak: orain dugun protokoloarekin jarraituko dugu”.
Eta zer esan nahi du horrek? Haurrak begirale batek jasoko dituela kiroldegiaren kanpoaldean, erantziko dituela, igerilekuan sartuko dituela eta 2015-2017 urtean jaiotakoak dutxatzeko aukerarik gabe etxera bidaliko dituztela.
Ezin ditugu gure haurrak kiroldegian dutxatu, gainerako adin-tarte guztietan aukera hori eskaintzen ari direnean. Zein da erabaki hori hartzeko arrazoia? Eta zein da hautu arbitrario hori sustengatzen duen oinarri teknikoa edo juridikoa? Zer dela eta haur txikiekiko diskriminazio hori? Haurrak xaboitu eta dutxatu nahi ditugun gurasook etxera eraman behar ditugu dutxatzera gainerako erabiltzaile guztiek Allurralden bertan dutxatzeko aukera dutenean. Zergatik?
Bi aldiz adierazi nahi dugu haserrea. Lehenik, inongo azalpenik ez zaigulako eman. Eta, bigarrenik, neurri hori erabat diskriminatzailea dela iruditzen zaigulako.
Bada beste moldaketa nabarmen bat. Eskaintzak, hasiera batean, ikasturtearen hasiera arratsaldeko 17:00tarako eta 18:00tarako jasotzen zuen, eta bat-batean hasiera aurreratu egin da 16:45etik eta 17:45era. Gurasoekin hitzartu gabe gauzatu da hori. Eskolatik irteten diren haur txikientzat zailtasun erantsia da, eskolatik irten eta kiroldegira garaiz iristeko denbora tartea nabarmen murrizten delako.
Gertu ditugu haurrak diskriminatzen ez dituzten adibideak, Lasarte-Orian eta Tolosan.
Hori dela eta, gure eskaera honako hau da: eskubide guztiak, erabiltzaile guztientzat. Gurasook gure haurrak kiroldegian dutxatu eta janzteko aukera izatea eskatzen dugu, gainerako erabiltzaileek bezala. Eta gure laguntzarekin, beharrezkoa izanez gero. Amaitzeko, argi utzi nahiko genuke ulergarria zaigula eraikin publiko baten erabilera kudeatzea ez dela lan erraza, baina, bizi izandakoak eta gero, uste dugu haurrei ere normaltasun berriaz gozatzeko aukera eskaini behar zaiela. Dagoeneko helduak egiten ari garena.