Bi taldetan banatu duzue ikastaroa, datorren astean abiatuko dena.
Bai, mailakatuta. Ez da erraza zehaztea nor zer taldean aritzea den egokiena, baina esango genuke sekula egin ez dutenak lehenbizikoan bilduko direla, eta aritutakoak bestean. Normalki, interesa duten batzuk ez dute jakiten non kokatu, eta halakoetan proposatzen diet etortzeko eta probatzeko, non dauden erosoen ikus dezaten. Jakinda, gainera, aldatzeko aukera dagoela.
Zer dantza mota irakatsiko dituzu?
Arin-arina eta fandangoa, eta plaza-dantzak deitzen direnak (baltsak, kontrapasak, boleroak, mazurkak, eskotixak…). Horietako batzuk, binaka dantzatzen direnak, euskal dantzatzat dauzkagu, nahiz eta jatorriz ez izan euskaldunak; jendearentzat gogokoak dira, eta integratuta daude plaza-dantzatan. Egun, erromeriaren kontzeptu tradizionala alboratuta dagoela esan daiteke. Plaza-dantzak hartu du indarra.
Aipatutako dantza horiek jorratzeko asmoa eduki arren, ikastaroan irekita gaude parte-hartzaileek proposamenak egin ditzaten. Esate baterako, aurreko ikasturte batean, Sanjuan gauan suaren inguruan ikastaroko taldeak dantza egitea proposatu zuen, eta hartarako prestatu egin ginen.
Zein da irakasle baten funtzioa: dantzak erakustea, askatzen laguntzea…
Donostiako Aiko dantza eskolan parte hartzen dut, eta han gidari diren Patxi Labordak eta Sabin Bikondok erabiltzen duten printzipioa dut gogoko. Aditzera ematen dutenez, euren helburua ez da dantzak irakastea, datzan irakastea baizik.
Gauza kuriosoa gertatzen da, dantzekin eta kulturarekin edo artearekin zerikusia duten jarduerekin. Jendeak halako batean kirola egitea erabakitzen du, esate baterako korrika egitea, eta normaltzat jotzen dugu hori; ez dugu kontuan hartzen azkar ala motel dabilen; egiten du, eta kitto. Dantzan, marrazketan eta beste hainbat kultur diziplinatan, aitzitik beti trebatuen erreferentziak hartzen ditugu aintzat, eta geure buruari mugak jartzen hasten gara. Dantzen kasuan, maiz, dantza bikain egiten duten dantzarien ispiluan jartzen gara. Ez dugu behar bezala bereizten oholtza batean gainean dantza talde zaildu batek egin dezaketen dantza koreografiatua batetik, eta bestetik, plazan, dantza zaleok egin dezakegun festa giro parte-hartzaile baten testuinguruan.
Lotsa nagusitzen dela plazara ateratzeko orduan, alegia.
Horixe da kontua. Zenbaitek zera pentsatzen dute beren artean, dantza talde antolatuaren baten emanaldia ikusi orduko: “Ni ez naiz horien parera iristen ezta hurrik eman ere, eta lotsa ematen dit plazara ateratzea”. Dantza gustura asko egingo lukete, baina konplexua sartzen zaie, eta atzera egiten dute. Gauzak horrela, plaza-dantzen irakasle baten helburua zera behar du izan: jendea ikastarora hurbiltzeko gonbidatu, eta lagundu lotsak uxa ditzan eta dantza eginez gozamena senti dezan. Denok ez dauzkagu dohainak gauza guztiak perfektu egiteko, baina horrek gutxienekoa behar luke izan. Garrantzitsuena da badakigula gorputza mugitzen, eta badakigula gozamena sentitzen musikaren erritmora dantzatuz.
Oraindik orain euskal dantzen inguruan Tolosan egindako jardunaldi batzuetan, eztabaida eragin zuen gai horrek. Galdera zera zen, ea publiko orokorrari irekita dauden eta herri partaidetza sustatu nahi duten festetan dantzari edo dantza talde trebatuek parte hartu beharko luketen ala ez. Alegia, ea beren parte hartzeak publiko orokor hori uxatzen duen ala ez. Aldeko eta kontrako argudioak eragiten dituen eztabaida, inondik inora.
Urte mordoa daramazu ikastaroak eskaintzen. Andoainen ba al dago plaza-dantzarako tradizioa?
Beti eduki izan dut gogoa aztertzeko Andoaingo historian ospatu izan diren jai eta erromeriak, eta horietan zenbat herritarrek eta zein modutan parte izan duten. Baina baietz iruditzen zait, beti plazaratu izan dela zaletasuna. Ikusi besterik ez dago zenbat eta zenbat gazte igaro den Urki taldetik urtetan, edo zenbatek egin izan duten ikastaroren bat. Dantzaldiren bat antolatzen denean ere, Gozategirekin edo antzeko taldeekin, jendea dantza egitera animatzen da. Nolanahi ere, egia ere bada lotsa uxatzen ikasi beharko genukeela.
Ikastaroaren atarian, sumatzen al duzu ikastarorako gogorik?
Pandemia dela eta, esango nuke sekula baino premia handiagoa dagoela kalera irteteko, elkarrekin egoteko, sozializatzeko, gorputza mugitzeko… Joan den igandean bertan, Andoaingo buruhandi eta konpartsen kalejirak argi asko bistaratu zigun premia hori. Ikusgarria izan zen zenbateko jendetza bildu zen kaleetan eta Goikoplazako ekitaldian! Gipuzkoako herri askotako jendea etorri zen, eta denok, haurrek bezainbat helduek, gozatu ederra hartu genuen.
Ikastaroan izena eman ez eman zalantzatan dagoen hori, nola animatuko zenuke?
Proba dezala! Ez dadila etxean geratu lotsagatik edo “ez dut sekula egin” pentsamendu horrek baldintzatuta. Bizitzan makina bat gauza aurreneko aldiz probatzera animatzen bagara, dantzarekin zergatik ez egin berdin? Lagun-giro bikaina topatuko du ikastaroan, eta ziur ez dela damutuko hartutako erabakiagatik.