Erritmo urbanoak, Gipuzkoa Gazte Tour ekimenaren eskutik

Aiurri 2021ko aza. 5a, 15:14

Edu, Crutzero eta DJ Ander herriko musikariak, Miren abeslari donostiarrak eta Delaossa andaluziar raperoaren jaialdia batetik, eta bestetik, Parkour (akrobazia diziplina) saio irekia Lotzen Add elkartearen eskutik. Horixe da Gipuzkoan Gazte Tour Gipuzkoako Foru Aldundiaren programak bideratu duen kultur eskaintza bikoitza, azaroaren 13rako. Kultur ekimenak musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen ditu, eta gazteak ditu ardatz batik bat.

Musika jaialdirako sarrerak 4 eurotan jarri dituzte, eta jada salgai Basteroko leihatilan eta Kutxabanken webgunean.

Ekitaldiaren aurkezpenean Isaac Palencia Gazteriako Foru zuzendariak, Mari Jose Izagirre Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria zinegotziak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak aurkeztu zuten kultur ekimena.

“Artista finkatuak eta tokiko artistak uztartzen dituen programazioa prestatu dugu, lurraldeak duen talentua sustatuz.” adierazi zuen Palenciak,

Maider Lainez alkateak Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza azpimarratu zuen, “Andoainek zirkuitu horretan parte hartzen duen lehen aldia da”. 12 eta 25 urte bitarteko gazteentzako aisialdi aktibo eta parte-hartzaileko kultura-zirkuitu dela ere gehitu zuen.

Izagirrek adierazi zuenez “garrantzitsua da andoaindar gazteen aisialdiko eskaintza tradiziozkoak edo ohikoak ez diren diziplinekin elikatzea, Goikoplazan Parkour-akrobaziak sustatuz, edo Basteron lehen mailako hiri-erritmoz betetzea, non Delaossa bezalako erreferenteak, gorabidean dauden artista euskaldunekin, eta kasu honetan andoaindarrekin, nahastuko diren”.

 

Egitaraua, azaroaren 13an:

* Goikoplazan, 11:30ean: Parkour (akrobazia diziplina) saio irekia, Lotzen Add elkartearen eskutik. Tailerra lehen aldiz probatu nahi duten gazteekin, edo esperientzia dutenekin eta hainbat erronka-motarekin entrenamendua partekatu nahi dutenekin.

* Bastero Kulturgunean, 18:00etan:

- Edu, Crutzero eta DJ Ander herriko musikariak.

- Miren abeslari donostiarra (lo-fi, hip-hop eta popa doinuak).

- Delaossa andaluziar raperoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!