Azken urteotan lehiaketak formatua aldatu du eta bi sarien irabazleak jakinarazi aurretik finalisten berri ematen dute. Aurtengoan zortzi ekimen dira, bi sail ezberdinetan antolatuta.
Kazetaritza saria
Ahomentan seriea, Berria egunkariak udan argitaratutako elkarrizketa-seriea da: Igandero-igandero bi kide ipintzen zituen parez pare euskarazko egunkariak, makina bat gai jorratzeko asmoz. Horrez gain, elkarrizketatu bakoitzaren soslaia biltzen dute piezek, hitz gutxitan, irakurleak hobeki ezagut ditzan protagonistak. Tartean izan dira: Jone Uria bertsolaria, Beñat Rodrigo Kiliki Frexko musikaria eta Mikel Odriozola atleta.
Beñat Zalduaren “Nola iritsi gara honaino” seriea: koronabirusaren aferatik abiatuta, askotariko hausnarketak egin ditu GARA-NAIZ-eko kazetariak, historian eman diren beste hainbat gertakarirekin lotuta. Zortzi artikuluz osatutako proposamena da: “Gertatutakoak ez dira kronologia batean sartzen: kontakizun zirkularrak eskatzen ditu koronabirusak”.
Zaballako Espetxetik egindako Faktoria saioa: ETBko irrati estudioetatik irten eta Zaballako espetxera egin zuen salto Faktoria saioak, Iñaki Guridiren gidaritzapean. Esti Arbizu bertako psikologoarekin hitzartu ziren bertan, presondegiaz eta buruko gaitzez jarduteko: “Orain dugun ratioa onartezina da. Preso asko dago eta psikologo gutxi”.
Urtzi Urrutikoetxearen Leku-lekutan seriea: Berria egunkariaren “Mundua” sailean argitaratutako artikuluak dira. Egunkariko kolaboratzaile izateaz gain, ETBko kazetaria da Urrtikoetxea. Orain, azken horretan eszedentzia hartuta, AEBtara jo du. Gaurkotasunari irmoki lotutako aferak jorratu ditu, Istanbuldik hasi eta Malvina uharteetara bitarte.
Komunikazio saria
Oier Aranzabalen “Barruan gaude” podcast-a: astero astero mikrofono aurrera hurreratzen da Aranzabal, pertsonaia batekin hitz egiteko. Elkarrizketa sakonak oinarri, gonbidatuen etxean sartzen da kazetaria, esateko dituztenak aditzeko eta entzuleekin partekatzeko: Bernardo Atxaga, Arantxa Iturbe, Maite Larburu, Jagoba Errekondo...
Basilika podcast-a: zer pentsatua ematen duten auziak hizpide eta hausnarketa kritikoa funts, mahaiaren bueltan bildu dira zenbait eragile. Nork bere esparrutik, gaurkotasunaren erretratu gardena egiten du diziplina anitzeko taldeak (artistak, idazleak, programatzaileak, zinegileak). Proiektu honen atzean daude, tartean: Sahatsa jauregi artista, Beñat Sarasola idazlea eta Lur Olaizola zinema-zuzendaria.
#3000Twitz kolektiboa: Euskal bideo-joko komunitateak hasitako erronka Game Erauntsia Elkartearekin batera eta Naiz Irratiaren babesarekin. Hiru xede nagusi ditu proiektuak: lehenik, Twich platafoman euskara hizkuntz ofiziala bihurtzea; bestetik, Interneteko sortzaile euskaldunak ikusaraztea; eta, azkenik, ingurune digitalean euskaraz bizitzea ahalbidetzea.
Pantailak Euskaraz egitasmoa: ikus-entzunezkoen munduan hutsune bati erantzuteko asmoz sortutako egitasmoa da, hain justu ere, euskararen erabilera pantailan ere areagotu dadin. Herrigintzatik sortutako proposamena da honako hau: “Indarrak batuz, egoera irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua dugu. Herritarren babesarekin erakundeak mugiaraziko ditugu!”.