Leire Uzquiano
“Gosaltzeko orduan eta ilunabarrean telebistan La Palmako irudiak ikusten ditut, eta barruak mugitzen zaizkit. Behar denerako prest nago: biltegian, salmentan… Nire aldetik, logelako armairua astindu eta zenbait arropa, egoera onean daudenak, ekimenaren esku uztea pentsatua daukat”.
Nerea Rodriguez
“Leireren anaiak komentatu zigun Azoka Solidarioarena, eta ideia zoragarria iruditu zitzaigun; gazteok ere inplikatu beharra daukagula iruditzen zait. Gure inguruan ideia zabaltzen eta kanpaina egiten, eta egia esan, guzti-guztiei ondo iruditu zaie. Horietako batzuren aldetik lanean aritzeko konpromisua lortu dugu”.
Susi Saleta
“Bea Amondarainek proposatu eta bi aldiz pentsatu gabe edozertarako prest nengoela erantzun nion. Lehendik ere Caritasekin kolaboratu izan dut, eta badakit zer den elkartasuneko ekimenetan jardutea. Bilobak badauzkat, baina noizean behin baizik ez zaizkit egokitzen zaintzea, eta beraz, denbora soberan daukat. Nafarroa plazan bizi naizenez, hango biltegian lanean aritzeko eman dut izena”.
Pili Lopez
“La Palmatik datozkigun irudiek eragin handia izan dute nigan. Sumendiaren ikusgarritasunak baino gehiago, atzean horrek eragiten duen giza dramak. Ezer gabe geratu diren pertsonen larrutan jartzen naiz, eta enpatia besterik ezin dut sentitu. Nire adinekoak ikusten ditut asko, seme-alabak dauzkatenak, etxerik gabe geratu direnak eta lehendik ere hipotekaren batekin itota zeudenak ziurrenik. Kanariar Uhartetako eta Espainiako gobernuek agindu dituzte laguntzak, baina bertako herritarrak kexu dira ez zaizkielako iristen ari. Gure aldetik, eskura daukaguna egin dezakegu elkartasuna adierazteko, nahiz ez izan asko”.