Idazlearen mailaren tamainako sari-banaketa ekitaldia

Jon Ander Ubeda 2021ko aza. 11a, 21:24

Azaroaren 11 Martin Ugalde Orradreren mendeurrena da, eta gaurkoan gainera bere izena daraman ipuin lehiaketaren 25. edizioa ospatu da. Ekitaldi landua, borobila izan da. Garazi Kamiok maisuki zuzendu du, eta Martin Ugalde bera biziberritu du Urtzi Ugalde aktoreak.

Katrin Iturraldek zuzentzen duen haur abesbatzak hasiera eman dio ekitaldiari, auditorioan ospatu dena. Ez da musika saio bakarra izan, Emezabal Bandako zuzendaria hiru kiderekin batera igo baita taulagainera "Nere herriko neskatxa maite" pieza ezaguna eskaintzera. Ikusle ugari bertaratu da, sarituak eta Ugalde familia txalotzera hurbildu direnak. Udal ordezkaritza zabala elkartu da, baita herritar ugari ere.

Martin Ugalderen obrari eta lehen edizioetako irabazleei keinu egin diete gaurko ekitaldian, aurtengo oinarrietan iraganeko ipuinak abiapuntu modura erabiltzea eskatu baitzuten. Atzoko eta gaurko ipuingileen bilkura egin du antolaketak, belaunaldi arteko uztarketa polita eginez.

Unai eta Ainara Ugalde izan dira sariak banatzen, Ruiz zinegotziaren eta Lainez alkatearen laguntzarekin.

Idazlearen mailaren tamainako sari banaketa ekitaldia izan da. Martin Ugalde Andoainen sortu eta Hondarribian hil zen. Tartean bizitza luze, zaila eta oparoa. Andoainen biziki maite dute oraindik.

 

Erlazionatuak

Ugaldetarren eskerrona

Aiurri 2021 aza 12 Andoain

Saridunen adierazpenak

Aiurri 2021 aza 13 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!