Martin Ugaldek 1997an Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ohorezko aipamena jaso zuen. Aipamen horren osagarri gisa, Andoaingo Udalak Martin Ugalderi buruzko biografia idazteko eskatu zion Lertxundiri, eta honek halaxe idatzi zuen Martin Ugalde. Leialtasun baten historia. Glosak izenburuko lana. Aurten, andoaindarra jaio zela ehun urte betetzen diren honetan, liburua berrargitaratu egin da, baina hori bai, Ugalderen ibilbide biografikoan falta ziren azken urteei dagokien kontakizuna gehitu dio Lertxundik berak, hots, liburua kaleratu zenetik 1997tik idazlea hil zen 2014era doan tartea.
Alex Huitzi Andoaingo Udaleko euskara zinegotziak aurkeztuta, Anjel Lertxundik liburuaren nondik norakoak kontatu zituen Basteron, astelehen iluntzean egindako ekitaldian.
Miresmenetik idatzi zuela biografia aitortu zuen Lertxundik, Basteroko ekitaldian. “ezagutu nuenean, Venezuelan 50 eta 60ko hamarkadetan idatzita zeuzkan Las manos grandes de la niebla eta Un real sueño sobre un andamio ipuin liburuak eskura jarri zizkidan. Ordutik bere ipuingintzak liluratu egin ninduen, erakusten zuen mailagatik. Geroago, 1970ean, Hunik arrats artean nire lehen ipuin liburua argitaratu nuelarik, askok esaten zuten hura zela euskal ipuingintza modernoaren aitzindaria, eta nik ezetz erantzuten nien, aitzindaria, Martin Ugaldek 1966an kaleratu zuen Hiltzaileak zela”.
Ugaldek bikain menderatzen zuen hizkuntza batetik bestera igarotzeko hartu zuen erabakia goraipatu zuen Lertxundik. ”txalogarria da hartu zuen erabakia, baina batez ere kontuan hartu behar da sakrifizio handia behar duela izan hori, idazle batentzat: zuk ondo menderatzen duzunean zure tresna nagusia, hizkuntza, Venezuelako gaztelania, eta tresna horren eskutik egin dituzunean irakurleak, ez da erraza pausoa ematea euskarazko literatura egiteko. Are gehiago euskararen kasuan, kontuan izanda euskarak orduan zeuzkan baliabide linguistiko edo literarioak, literaturaren tradizioa… Ahalegin pertsonal handia egin zuen, eta banitateak baztertuta, euskal kulturaren eta euskararen zerbitzura jarri zen”.
Harrezkero, gaztelaniazko eta euskarazko literatura bateragarri egin zituela esanez segi zuen hizketan Lertxundik. “Bere eta familiaren bizimodua aurrera atera beharra zeukan, jakina, eta horrexegatik, ez zion utzi gaztelaniaz idazteari, euskal kulturaren eta identitatearen aldeko dibulgazioko lanekin aritu zen. Aldi berean, ordea, Mantal urdina ipuin liburua argitaratu zuen 1984an eta fikziozko liburu gehiago etorri ziren harrezkero, bidean estilo propioa eraikiz joan zelarik”.
Amorrazioa, erantsitako ataletan
Orain berrargitaratu den Martin Ugalderen biografia liburuari (Martin Ugalde. Leialtasun baten historia. Herriminaren prosak), atalak erantsi dizkio Lertxundik. “Minez idatzitako orriak dira, eta amorrazioz une askotan. Pasarte batean baino gehiagotan irakurleak nabarmenduko du nola jartzen diodan frenua nire mindurari”.
Liburuaren azken zati den “Erretiradako trenaren tunel ilun beltza” izenburuko atalean islatzen du Lertxundik ezinegon hori.
“Venezuelan adierazi ohi zuen hizkuntza batek ezin duela aurre egin egunkaririk gabe. Ez dela posible munduan zer gertatzen den azaltzea, euskararik gabe. Nik Martin beti imajinatu izan dut gerra ostean El Diario Vasco egunkarian Andoaingo kronikekin egiten zituen kolaborazio xume haiek eginez, orduko sistemak nahi zituenak adierazten uzten ez zionean. Ez dakit ordurako jada euskal egunkari batekin amesten ari ote zen, baina ziur hura ez beste zerbait amesten zuela. Handik hamarkadetara Euskaldunon Egunkaria kalean jartzea, hori bai izan zela bere ametsa. Eta hamairu urteren buruan, “trenaren tunel ilun beltz” hartan hain zuzen gertatu zen bere samina, bere fruitua arbolatik bota eta zapuztu zutenean".
Ugaldek euskarazko egunkariaren alde apustua egin izanaren gainean gogoeta egin nahi izan zuen Lertxundik: “Kristau humanista zela aitortzen zuen beti, eta alderdiari leial izanagatik, haren gainetik kontzientzia jarri zuen. Leialtasunik handiena Euskal Herriari eta euskal kulturari gorde zion azkenera arte”.
Dotorezia eta duintasuna
Ekitaldiaren azken aldera, Alex Huitzi aurkezleak erronka bota zion Lertxundiri, ea hitz bitan edo titular batekin defini zezakeen hainbeste fazeta erakutsi zituen Martin Ugalde. Erantzuna, bi hitzetatik haruntzago joan zen: “herritar moduan, esango nuke historia ofizialaren biktima eta historiaren egilea eta eragile izan zela”. Eta definizio pertsonalaren arrastotik jarraitu zuen: “Berarekiko miresmen literarioak aipatu ditudan arren, nahiago dut bere gizatasuna. Gogoratzen naiz, Martini eskainitako omenaldi batean, Euskaldun Unibertsala izendatu zutenean uste dut, Hasier Etxeberriak nola idatzi zuen esanez politikoek, idazleek, kazetariek… Martin goraipatuko zutela, baina Martin gizakiaz ez zirela jardungo. Eta segitzen zuen esanez Etxeberriak, Martin zela berak ezagutzen zuen pertsonarik dotoreena eta giza harremanetarako gizatasuna erakusten zekiena. Etxeberriak orduan aipatutakoari, nik duintasunaren kontzeptua erantsiko nioke; duintasuna gauzak ondo zihoazenean bezainbat une gogorrenetan”.