Basteroko oholtzan ia 60 musikari bilduko dira, eta Mikel Emezabal bandako zuzendariak azaldu duenez, Hondarribiko talde mitikoa ezagutu zuten belaunaldiek zein ondorengoek gozatzeko moduko kontzertua eskainiko dute.
Zer dela eta sortu zaizue kontzertua egiteko aukera?
Iaz, Golden Apple Quartet-ekin kontzertua egin genuenean, talde horren konposatzaile eta moldatzatile den Xabier Zabalarekin elkarlanean aritu ginen. Orduantxe, berak aipatu zigun Sorotan Beleren inguruan zein zen esku artean zeukan egitasmoa, eta horrelaxe murgildu ginen geu ere. Ekainari begira prestatu genuen ikuskizuna, baina atzeratzen joan da murrizketak direla eta.
Zerekin gozatu ahal izango du Basterora hurbiltzen denak?
Sorotan Bele 90eko hamarkadan musika talde entzutetsuenetakoa izan zen. Batez ere bere lehenbiziko diskoak izan zuen oihartzunik handiena. Horko abesti ezagunak joko ditugu: Arratsalde honetan, Amaren besoetan, Atalaia… hamaika abesti, guztira. Oholtzara Sorotan Beleko Gorka Sarriegi eta Urbil Artola taldekideak igoko dira, eta baita teklatua, akordeoia eta xirula irlandarrak joko dituen Xabier Zabala. Banda osoa ariko gara, eta baita konboa osatzen duen hirukotea ere, hots, Gari Larrañaga gitarra-jolea, Gorka Otamendi perkusio-jolea eta Txitxu Castro teklista, eta baita ere Mirari Irurtzun biolin-jolea.
Kontzertuan zehar, abuztuan joan zitzaigun Jose Luis Fernandez Fitero bonbardino-jolea gogoan hartuko dugu, modu berezian. Senideak kontzertura gonbidatu ditugu.
Bandan belaunaldi ugari batzen zarete. Batzurentzat Sorotan Bele ezaguna da, besteentzat ez hainbeste.
Pentsa, Bandako kideren erdiak hogei urtez azpikoak dira. Urtetan aurrera goazenontzat Sorotan Belek eta bere doinuek toki berezia daukate gure oroitzapenetan. Egia ere bada musika eskoletako ikasleentzat Arratsalde honetan kantua klasiko bilakatu dela. Horrexegatik Bandako gazte askorentzat deskubrimendu polita izan da abesti ezagunak non duen jatorria jakitea.
Musika talde ospetsuekin kontzertuak eskaintzera ohitzen ari zarete…
Oskorriekin hasi ginen 2008an, eta ondoren Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen eta Golden Apple Quartet taldearen txanda iritsi zen. Prestakuntza eta exijentzia maila handiko ikuskizunak izaten dira, eta aurrera ateratzen badira bandako kide guztien inplikazioagatik izaten da. Oso-oso tarteka egin behar dira larunbatean eskainiko dugunaren antzeko ikuskizun bereziak, bere xarmari eusteko.