Baina ez da partidaren kronika ezta bitartekoen desberdintasuna idatzi honen zergatia, janzkeran ikus zitekeen zerbait baizik. Etxeko taldeko jokalariek ia ehun urte duen Euskaldunako klubaren armarria eta Campezo enpresaren logoa harro zeramaten bitartean, pentsatzen dut Realekoek bere armarria eta agian zerbait gehiago zeramatela paparrean –aitortu beharra baitaukat ez niola erreparatu– eta, hori bai, ipurdi aldean “Orain Gipuzkoa” leloa zeramaten, harro ere pentsatzen dut. Eta orduan galdera bat egin nion neure buruari, eta orain plazaratzen dut: Gipuzkoako Foru Aldundiak Realeko neska taldeari Gipuzkoako gainontzeko beste taldeei baino gehiago laguntzen al dio? Gehien daukanari gehiago ematea izango litzateke. Dena den hala bada eta ez bada ere, hiriburuko taldea probintzian zehar horrelako esloganekin ibiltzea oso itsusi geratzen dela iruditzen zait.