Beñat Zaldua eta 'Basilika' podcasta izan dira Rikardo Arregi sarien irabazleak

Mikel Arberas 2021ko aza. 19a, 20:34

Beñat Zalduak irabazi du Rikardo Arregi kazetaritza saria. 'Gara' egunkarian argitaratutako 'Nola iritsi gara honaino?' serieagatik jaso du garaikurra. Komunikazio saria 'Basilika' podcastak jaso du.

Bertan izan dira Bingen Zupiria sailburua eta Maider Lainez alkatea. Gainera, Anne Lukin, Mikel Moreno eta Susana Cencillo musikariek protagonismo berezia eduki dute. Oinkari eta Urki dantza taldekoek ere ikuskizun ederra eskaini dute.

Kazetaritza Saria 2021

Beñat Zaldua - Gara

Nola iritsi gara honaino seriea, Gara egunkarian agerturiko artikulu sorta bat da. Pandemiaren eta birusen inguruko xehetasun historiko eta literarioak ekartzen dizkio irakurleari, aldi batetik bestera, irakurlearen arreta bereganatzea eta luzeran atxikitzea lortuz. Denboran barna egindako bidaia batera deitzen gaitu, eritasunak kudeatze alorrean nondik gatozen ikas eta jakin dezagun. Koronabirusaren krisia klima aldaketarekin eta beste zenbait gertaerarekin lotzen ditu Zalduak, haren zergatietan sakonduz. Urte hasieran argitaraturiko sorta, guztira, zortzi artikuluz osatuta dago. Epaimahaiaren iritziz "historia humano baten dibulgazio saio indartsua da, aberatsa, zorrotza eta irakurtzeko erakargarria, artikulua idazteko garaian irakurlea gaiaren mamira nola erakarri aintzakotzat izan duena, ahaztu gabe ere Iker Morenoren Ilustrazioek argitaratutakoari ematen dioten originaltasuna eta exotismoa".

Komunikazio Saria

Basilika

Literaturaren eta arte garaikidearen arlo ezberdinak jorratzen ditu podcast berriak. Hilabetean behin lauzpabost saio plazaratzen dituzte. Gogoetara eramaten gaituzte. Sakoneta, Zeelanda Berria, Phoenix Raggazza eta Sector Conflictivo dira oraingoz egindako saioak. Orain arte, gai hauek aztertu eta eztabaidatu dituzte: Onespena eta abusua, Moderno izatea zen den eta kultur kritikaren arazoa, besteak beste. Arte mailan aldiz, EH-ko museoetan ikusten ahal diren erakusketa originalak aipatzen dituzte, artistak zein mugimendu artistikoak ere bai... Interes handiko gaiak dira, orokorrean. Sortzaileek adierazi dutenez “pentsamendu konparatuan, hausnarketa kritikoan eta gaur egungo kultur ekoizpenaren forma desberdinen gaurkotasun-harremanetan arakatzea” da asmoa. Literaturak jendartea edo gizartea islatzen duela sinesten dutenentzat ezinbestekoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!