Covid19 | Datuak egunez egun

Eta bat-batean balitz bezala, hemen da seigarren olatua

Jon Ander Ubeda 2021ko aza. 22a, 07:49

Nola iritsi gara honaino? Bat baino gehiago kezkaz beterik izango da egun hauetan, lerroburuetara murrizketak itzuli direlako. Urko Vallejo herrikidearen lanaren bitartez testuinguruan jarri nahi izan dugu azken asteotan pandemiak izan duen garapena.

Azaroaren 17ra iritsita, Osasun Sailak 150etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietan irizpide berriak ezarriko zituela iragarri zuen. Euskadin murrizketak berrezarriko dituztela, hitz bitan. Azaroaren 15a da eta Vocento taldeko egunkariak azaleko lerroburu nagusira eraman du iragarpen hori. Jakin badakigu egunkari horrek iritzi publikoa eta gainerako hedabideen “agenda” ezartzeko duen eraginkortasuna.

Zer aldatu da, bada, urriaren 7az geroztik? Zer gertatu da Osasun-Alarma egoera eta hari lotutako LABI aholku batzordea bertan behera geratu diren 41 egunen horietan? Nondik nora dator askorentzat gaindituta zegoen birusa berriro agertu izanaren sentsazioa? Akaso ez zuten lau haizetara zabaldu Santomasak, Eguberriak, Donostia Eguna eta Inauteriak berriro ospatuko genituela?

Erantzuna, bilatu nahi izan duenarentzat, bazterrean aurki zitekeen. Azken sei asteetan izan direlako Vocentok eragiten duen itzaletik kanpo datuen azterketan aritu diren pertsonak. Eusko Jaurlaritzak informazio-jarioa nabarmen etenda ere, grafiko eta datu bidez gerta zitekeena –eta zoritxarrez gertatzen ari dena– ohartarazten ibili direnak, gainera.

Andoainen, urrutira joan gabe. Koronabirusari lotutako informazioari dagokionez, ezaguna da gure artean Urko Vallejo herrikidea. Ingenieria da, eta datuen lanketan aritzea gogoko du. Oso grafiko eta analisi argiak eskaini ditu pandemian zehar, edonork ulertzeko moduan. Orriotara behin baino gehiagotan ekarri ditugu haren hausnarketak eta grafikoak, eskuzabal jokatzen baitu informazioa eskatzen dionarekin. Facebook sare sozialean C-19 Analisia izeneko orrialde irekia du, eta bertan maiztasunez zabaltzen ditu arreta merezi duten hausnarketak. Informazioa tantaka ematen aritu zaizkigun 41 egunotan, Vallejo bezalako herrikideen lana balioan jartzeko garaia da. Hedabide handien eta erakundeen gabinetetatik datorren informazioaz harago, bera bezalako ahotsei erreparatzea ezinbestekoa bihurtu baita.

Egin dezagun atzera, egun hauetan bizitzen ari garenaren bila. Datuek zer etor zitekeen argiro iragartzen zutelako. LABI desegin aurreko orduetan, urriaren 5ean, hauxe zen Urko Vallejok egiten zuen hausnarketa: “Gipuzkoan eremu berdean sartu ezinik gabiltza. Ostegunetik aurrera murrizketa gehienak kenduko dituztela kontuta hartuta, litekeena da, epe ertainera, intzidentzia-tasak gora egitea. Gustatuko litzaidake, Eusko Jaurlaritzak, hori gertatzen denerako, zer neurri hartuko dituen aldez aurretik adieraztea”. Urriaren 5ean, komeni da azpimarra data horretan jartzea.

Eusko Jaurlaritzak hartu zuen beste neurri bat informazioari lotuta dago. Izan ere, urriaren 4az geroztik koronabirusari loturiko datu-boletina astean behin ematea erabaki baitzuen. Eta erabaki horrekin eguneroko garapena aztertzen duten/dugun eragile askori tresna bat gutxiagorekin utzi gintuen. Vallejo kexu agertu zen, “zerbitzu publiko batek behar duen gardetasunaren kontra” doala uste zuelako.

Urriaren 8an murrizketa guztiak kentzearekin kritiko agertu zen berriro, C-19 Analisia internet atari irekian: “Eguneroko positibo kopuruaren beherakada eteten ari da, batez ere Gipuzkoan, baina oro har Euskal Autonomia Erkidego osoan. Nik ez dut esango murrizketak kendu behar diren edo ez; baina murrizketak orain kentzen badituzte, arrazoi zehatzak eman beharko lituzkete. Adibidez, Gipuzkoan ez gaude eremu berdean, eta ez dirudi hurrengo egunetan eremu horretan sartuko denik. Ondorioz, Gipuzkoak ez du betetzen Bizi Berri planak murrizketak kentzeko finkatzen dituen baldintzak”. Kritiko, eta haserre agertu zen urriaren 8ko hartan: “Jarduera guztietarako ordutegi eta edukieran zeuden murrizketak kendu egin dituzte. Kasu gehienetan, jarduera horietan musukoa erabili beharko badugu ere, jakin badakigu hori ez dela egoera guztietan errespetatuko. Jatetxeetan edozein kopuruko lagun-taldeek bazkaldu eta afaltzeko aukera izango dute, barrualdean zein terrazan, eta logikoa denez, une gehienetan musukorik gabe egongo dira. Tabernetan, ere berdin”.

Aste honetan “seigarren olatua” adiera erabiltzeko joera areagotu da. Iritzi publikoaren aurrean “agenda” ezartzen duten hedabideek horrela erabaki dutelako. Baina ia hilabete atzera –urriaren 18an–, hauxe irakurri genion Vallejori: “Intzidentzia-tasa igotzen hasi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hiru lurralde historikoetan. Positibotasuna ere nabarmen igo da, batazbeste, aurreko astean, %3tik gorakoa izan delarik. Seigarren olatuaren bila goazela dirudi, baina LABIrik gabe, Eusko Jaurlaritzak olatu berri honek ekarriko dituen ondorioak onartzen dituela dirudi”.

Isiltasun informatiboaz kexa berria agertu zuen urriaren 19an: “Eusko Jaurlaritzak LABI desegin du, eta egunero pandemiaren datuak emateari utzi dio. Ondorioz, komunikabideetan astean behin bakarrik azaltzen dira gaur egun, normalean, pandemiaren inguruko informazioak. Beste era batera esanda, Eusko Jaurlaritzak pandemia ahaztu dezagun, urratsak eman ditu. Orain harritu egiten dira, osasun arauak betetzen ez ditugulako? Gutaz barrezka ari dira? Zer uste zuten? Holako inozenteak dira?”.

Euskaditik ezarritako informazioaren murrizketa gainditu asmoz, Espainiako Osasun Ministerioak argitaratzen dituen datuak aztertzeari ekin zion: “Urriaren 22an, Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera, beste erkidegoekin aldenduta, EAEk 14 egunetako eta 7 egunetako intzidentzia-tasa altuena zuen. Eta baita ospitaleratze-tasa altuena. Pandemiaren egoera, nabarmen, okerrera doa Euskal Autonomia Erkidegoan”. Urriaren 22an, hori. Duela hiru asteko datuak eskuan zituela.

Kritiko agertu zen, egun berean, agintarien jokabidearekin: “Murrizketekin positiboak jaisten ez badira, logikoa dirudi hauek igotzea, murrizketak kentzen badira. Harrigarria egiten zait, pandemiaren datuak aztertzen ditugunok hasieratik aurreikusi genuen egoerarekin, orain Lehendakaria arduratuta dagoela irakurtzea”.

Eta hiru egun beranduago, seigarren olatuaren ideia errepikatu zuen Vallejok: “Positibotasunak eta intzidentzia-tasak gora egin dute azken astean. Seigarren olatuaren bidean gaudela dirudi”. Sagardui Osasun Sailburuarentzat ere bazuen mezua, urriaren 26ko hartan: “Sagarduik dio, intzidentzia-tasaren igoerak ospitaleratze kopurua igoarazi duela, baina ez dela halakorik gertatu UCI-ZIUtan ospitaleratutakoen artean. Bai, egia da; eta aurreko olatuetan gertatu dena errepikatzen bada, ondorengo egunetan handituko da zainketa berezien unitatean egongo den lagunen kopurua”.

Zoritxarrez, denborak arrazoia eman dio Vallejori. Azaroaren 15eko datuak eskuan, UCI-ZIUtako okupazioa 24 lagunetik 30era igo da astebetean. %25eko igoera da hori. Osasun-alarma egoera kendu dutenetik hilabetea igarota, joan zen azaroaren 9an hasiera-hasieratik defendatu duen argudioa errepikatu zuen Vallejok: “Pandemiaren datuak aztertzen dugunok iragarri bezala, murrizketak kentzearekin batera, intzidentzia-tasak goranzko bidea hartu du”. Eta aukera baliatu zuen hemerotekatik tira egin eta arduradun politikoak jomugan jartzeko: “Donostiako neguko jaiak ia murrizketarik gabe ospatuko zirela iragarri zuten. Gobernariek pandemia desagerrarazi nahi izan zuten, eta orain, nola ez, gizartea da intzidentzia-tasa igotzearen arduraduna”. Vallejoren ustez, “Eusko Jaurlaritzak argitaratzen dituen datuak aztertu besterik ez zen egin behar, zer gertatuko zen iragartzeko. Ez zait bidezkoa iruditzen, orain positiboen hazkundea gizarteari leporatzea, ardura nagusia Eusko Jaurlaritzak berak duenean”.

Azaroaren 15ekoak dira Eusko Jaurlaritzak eman dituen azken datuak. Bi egun lehenago, C-19 Analisia orrialdean honakoa irakur zitekeen: “Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) intzidentzia-tasa 105,02tik 142,72ra (+%35,90) igo da egunotan. Iturri honek ez ditu Gipuzkoako datuak ematen, baina proportzioan igoera berdina balitz, 236,91ko intzidentzia-tasan geundeke”. Estimazioek diotena baina okerragoa da errealitatea. Gaurko egunez Gipuzkoako intzidentzia-tasa metatua 308,55ekoa da. Horrela jarraituz gero, eremu gorrirantz goaz zuzen-zuzenean.

Azaroaren 13an seigarren olatua bertan dela frogatzen duen grafikoa argitara eman zuen. Positiboak eta hildakoak erkatuta, hilgarritasun-tasa ateratzen da. Larunbatean argiro zioen: “Nabarmentzekoa da seigarren olatu honetan hilgarritasun-tasak izan duen hazkundea”. Ez da datu ona, inolaz ere ez.

Urko Vallejoren lanaren bitartez testuinguruan jarri nahi izan dugu azken asteotan pandemiak izan duen garapena. Nola iritsi gara honaino? Bat baino gehiago kezkaz beterik izango da egun hauetan, lerroburuetara pandemiaren datuak eta grafikoak berriro itzuli direlako. Eta baita inoren gustuko ez diren neurri murriztaileak indarrean sartuko direlako.

Gizarteak, oro har, jakin behar du badirela gizarte osoari eragiten dion gaitzari buruzko datu biltzaile eta argitaratzaile interesgarriak. Eurengan ere arreta jartzea merezi dutenak. Aitortza, beraz, Urko Vallejo andoaindarrari eta antzeko lanetan ibili direnei, informazioaren gizartean berea bezalako ekarpena garrantzia handikoa delako. Batzuk-batzuk zer zetorren ikusi genuelako, eta hori horrela izan bada C-19 Analisia bezalako egitasmoen informazio-jario etengabeari esker izan da.

Bisitaldia merezi duen gunea da facebook.com/C19Analisia gunea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!