Correos-en kalitatezko zerbitzuaren alde, elkarretaratzea

Aiurri 2021ko aza. 23a, 11:23

Andoaingo Correos-eko banaketa saileko langileek elkarretaratzea egin dute Juanita Alkain plazan goizean, kalitatezko zerbitzuaren alde. Adierazi dutenez, “Correos-ek Gipuzkoan dituen langileok eta ordezkaritza sindikal osoak salatu nahi dugu enpresa publiko hau azken urtetan langile-murrizketen arloan gauzatzen ari den politika, eta ere berean, bere zuzendaritzak urtero enpresa-etekinak iragartzen dituela”.

Datu zehatzak eman dituzte jakitera, agerian utzi nahian enpresaren murrizketa politika: “2007an 65.000 langile izatetik 52.514ra jaitsi ginen 2014an (13.000 lanpostu ezabatu dira), eta gaur egun, 33.000 inguru baino ez gara geratu banaketan, eta 9.600 inguru bulegoetan. Gainera, langileen herena ebentuala da, %39a. Gipuzkoan joera hori banaketa-atalak sistematikoki desagertzearekin batera gauzatzen da (32 Donostian eta 10 baino gehiago Gipuzkoako beste herri batzuetan)".

Ondorioz, emandako zerbitzuen kalitateak behera egiten duela salatu dute: "astelehenetik ostiralera korrespondentzia egunero banatzea ezinezkoa da, eta horrela, indarrean dagoen Posta Legea eta posta-zerbitzua publikoa emateko legezko betebeharrak urratzen dira".

Langileek Correos enpresako zuzendaritzari eskaera zehatza luzatzen diote, “behar den plantilla mantendu dezala, indarrean dagoen legedia betez, posta egunero iritsi dadin herritar guztiengana, behar bezalako kalitatearekin eta enpleguaren kalitatearekiko konpromisuarekin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!