Gora Kaletxiki bandarentzat bere ia hogei urteko ibilbidean musika emanaldirik garrantzitsuena izatekoa zen larunbatekoa, ziurrenik. Sentimenduak eta emozioak bor-bor jarriko zituena, musikarienak zein publikoarenak. Izan ere, makina bat alderdik bat egingo zuten kontzertuan. Batetik, azken aldian hiru kide (Luxio Aranburu, Jose Luis Fernandez Fitero eta Pako Bidasoro) zendu dira eta horienganako oroitzapenak toki berezia hartuko zuen kontzertuan.
Bestalde, Joxe Mari Oiartzabal zuzendariak pandemia garaian zortzi abesti sortu ditu -Joxe Ramon Berrondok letrak jarri dizkie guztiei- eta horiexek denak estreinatzekoak zituzten San Martin parrokiako emanaldian. Ez dira nolanahiko musika piezak, gertuko pertsona edo instituzioenganako sentimendua eta aitormena adierazten baitituzte. Historia jakingarri batek eragindako abestiak dira guztiak ere: osasun krisialdian hildako pertsonak, amak, Asun Garcia, Ondarreta ikastetxea…