"Urte osoan zabalik dugu negozioa"

Aiurri 2021ko aza. 25a, 10:12

Ane Roig Karrika auzoko Coviran dendako dendaria da eta txarkuteria zerbitzu ona eskaintzen dutelako pozarren dago. Auzokoentzat garrantzia handiko denda da, hurbileko zerbitzua eskaintzen dutelako.

Nola amaitzen ari da urtea?

Ez gara kexatuko, aurreko urteetako lan bolumenari eusten diogulako.

Auzoko bezero fidelak zuenera joaten jarraitzen du, beraz.

Bai. Eta bezero berriak baditugu ere. Alde horretatik pozik gaude.

Eskaintza bereziren bitartez, akaso?

Ez horregatik bereziki, baina eskaintza bereziak daudenean nabari da bestelako erosle bat ere hurbiltzen zaigula.

Zer da ondo saltzen dena?

Txarkuteria zerbitzu oso ona eskaintzen dugu, bertako ekoizleekin lan egiten dugulako. Mondejua, adibidez, oso kalitate onekoa eskaintzen dugu. Frutak eta barazkiak saltzeko garaian ere Zero Kilometroa aplikatzen dugu, eta bezeroak hori asko eskertzen du.

Zabaltzear da eremu berri bat Bazkardon. Zein iritzi duzu?

Oso gaizki iruditzen zait, ulergaitza zaidalako. Udalak ez lituzke horrelako baimenik eman behar. Bi kilometroro horrelako eremu bat aurki genezake, eta bestalde herriko dendari txikiari erosteko deia egiten dute. Politika hori ulertzea zaila egiten zait.

TicketBAI egitasmoa martxan jarriko dute laster? Horretan ari zarete lanean?

Ez gara hasi oraindik, eta egitasmoa martxan jartzeko epea zabaldu dute. Hasiera batean traba modura ikusten dugu.

Gabonei begira eskaintza berezirik izango duzue?

Urtero izaten ditugu eskaintza bereziak, gure markaren bidez.

Auzoan zuen dendak garrantzia berezia du. Hurbiltasuna eskaintzen duzue. Behar bezala baloratzen al zaituzte?

Bai. Esan beharra dago bizilagunek eskaintzen dugun zerbitzuagatik eskertza adierazten digutela. Astelehenetik igandera zabaltzen dugu. Ez dugu sekula ixten, abuztuko oporraldia ezik. Urte osoan zabalik dugu negozioa.

Zer esango zenieke herrikideei?

Herria landu dezagun denon artean. Eta buruarekin pentsatuz. Gaur itxiz gero, nora goaz?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!