"Anaiak oparitutako liburu batetik abiatuta makramea probatzea erabaki nuen"

Mikel Arberas 2021ko abe. 1a, 11:16
Ianire Huizi eskuz eginiko ispilua inguratzen duen makrame piezarekin.

Ianire Huizi makrame egiten nabarmentzen ari da. Moda-modan jarri den jatorri arabiarreko teknika da honakoa eta artista asko erakarri ditu azken hilabeteetan. Zabalkunde hori baliatuta tailerrak ematen hasi da andoaindarra.

Gabonak gerturatzen ari dira. Jaso al dituzu makrameak egiteko eskariak?

Eskariak jaso ditut bai, baina oraingoz ez ditut makrameak salduko. Ezezkoa esatea zaila egiten zaidan arren, lan handiegia da eskariak betetzea, eta ez zait bidezkoa iruditzen eskari batzuk onartu eta besteak baztertzea. Denbora asko eskatzen duten proiektuak dira eta, oraingoz, larri nabil. Horrez gain, barne borroka bat daukat, makrameak salduko banitu zein preziotan? Agian jendea ez dago prest diru asko ordaintzeko eta nahiago dute industrialki egindako tapiz merke bat erosi. Asko pentsatu behar dut.

Makrame tailerretan edonork parte hartu dezake?

Teknika hau ikasi nahi duen edonori zuzendutako tailerra da. 

Zerotik hasi nahi duenari ere gonbitea bidaltzen diot. Informazio gehiago nahiez gero, jarri kontaktuan @xan.makrame Instagram kontuaren bitartez. Zer nolako makrame-lanak egiten ditudan ikusteko Instagramera igotzen ditudan argitalpenak ikus ditzakezue. Egunero igotzen baititut nire jarraitzaileentzat.

Zer da makramea?

Teknika hau korapiloz korapilo ehunak sortzean oinarritzen da. Irudi eta patroi ezberdinak erabiliz proiektuak sortzea du xede; gauzak horrela, mota guztietako artelanak sortu daitezke.

Zer nolako josturak egin daitezke teknika hau erabilita?

Makramearekin denetarik egin daiteke, bitxi txikietatik gortina handietara. Nik orain arte, zorroak, ispiluak, kojinak, tapizak eta giltzakoak egin ditut, beste batzuen artean. Noski gauza guztien antzera, egiten duzunaren arabera zailagoa edo errazagoa izango da. Ez du amaierarik, egunero murgil zaitezke proiektu berri batean. Milaka gauza egin daitezke hari soil batzuekin.

Zein da egin duzun lanik zailena edo konplexuena?

Nik uste egin berri dudan bi metroko tapiza dela, ohe gainean jartzen diren horietakoak. Oso handia denez, soka oso luzeak baliatu ditut. Kontzentrazio eta antolakuntza handia eskatzen dute horrelako proiektuek; izan ere, hari edo soka askorekin lan egitean akatsak oso zailak dira konpontzea. Era berean, arestian esan bezala, egunerokotasunetik ihes egiteko balio dit.

Zuk afizio ofizio bilakatu duzu?

Orain dela gutxi makrame tailerrak ematen hasi nintzen Oreretako Blazmo mertzeriaren eskutik. Ordura arte niretzat, lagunentzat eta afizio gisa egiten nituen makrame lanak, baina denbora luzez pentsatu ostean, jendeari erakustera animatu naiz. Hori gutxi balitz, @xan.makrame Instagram kontua sortu nuen eta bertan eskegitzen ditut egindako lanen argitalpenak. Uxue Botas lagunak izugarri laguntzen nau nire argitalpenen kudeaketan eta egikaritzan. Aitortu beharra daukat, uste baino harrera hobea eduki duela proiektu pertsonal honek.

Lehen tailerra duela aste pare bat gidatu nuen eta bertaratu zirenak oso gustura egon ziren. Garaipen pertsonaltzat daukat orain arte egin dudana. Horrek guztiak eduki duen arrakasta ikusita, tailer gehiago egitea prentsatua daukat.

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 594. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!