Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria irabazi du Izaro Arruti andoaindarrak

Aiurri 2021ko abe. 2a, 10:40

EuskarAbentura espedizioko hizkuntza-arduraduna eta ikerlaria da Arruti

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria irabazi du Izaro Arruti andoaindarrak, hezkuntza soziolinguistikorako baliabideen azterketarekin. Lasarte-Oriako Sandra Prietorekin batera egin du ikerketa: "Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena". 

Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik abiatzen da lanaren muina: ezagutza eta erabileraren artean dagoen desoreka eta aurreiritzietan eragiteko beharra. Adituek soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko hausnarketak egiteak eta ezagutza zientifiko hori ikasleei transmititzeak positiboki eragin dezakeela defendatzen dute. Era berean, maila ezberdinean, EAEko, Nafarroako, zein Ipar Euskal Herriko curriculumek ere lanketa hori egitea beharrezkoa dela ezartzen dute. Gauzak horrela, ikerketa-lanaren helburu nagusiak; Euskal Herrian soziolinguistika eta hizkuntza-ekologia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lantzeko dauden materialak eta baliabideak biltzea, horiek aztertzea eta sailkatzea, hezkuntza komunitateko askotariko eragileek gaion lanketaren errealitateaz dituzten pertzepzio eta iritziak ezagutzea, eta osatutako sailkapena hezkuntza komunitatearen eskura ipintzea dira.

Hilaren 15ean izango da sariren banaketa-ekitaldia  Gasteizen; UPV/EHUren Micaela Portilla aretoan, 12etatik aurrera.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!